Gizartea -
Donostiako gotzaina
Munillaren lana 'integrismotik gertu' dagoela salatu du Gipuzkoako Kristauak taldeak
"Eliza barruko batasuna desegitea" egotzi dio hainbat apaizek eta laikok osatutako talde batek Donostiako gotzainari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Eliza barruko batasuna desegiten ibiltzea" leporatu dio Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainari horrekin kritiko den Gipuzkoako Elizaren sektoreak. Horren iritziz, "joera kontserbadorea duen lana" garatzen ari da apezpikua, "integrismotik gertu" dagoena, hain zuzen ere.
Munilla salatu dituztenak apaizak eta laikoak dira, Gipuzkoako Kristauak taldekoak, eta meza egin dute larunbat honetan Arantzazuko basilikan. Horren bitartean, egoera horrek eragiten dien "sufrimendua" azpimarratu dute. "Mina eta sufrimendu egoera bizitzen ari gara, existitzen ez garen umiliazioa, ez baikara existitzen ez pertsona ez kristau bezala, Elizaren egungo arduradunek ez gaituztelako kontuan hartzen".
Elizarenak diren bi eraikin hotel bihurtuko dituzten proiektuekiko euren desadostasuna erakutsi dute Gipuzkoako Kristauak taldekoek. "Bere helburu finantzarioengatik, merkantilismoan erori daiteke gure elizbarrutia, gehien behar gaituztenak ahaztuta utzita", salatu dute.
Kritikoen artean, Patxi Aizpitarte eta Feliz Azurmendi presbiteroak daude, Juan Maria Uriarte Donostiako aurreko gotzainaren agintaldia bitartean, bikario general izandakoak.