Gizartea -

Txostena

Euskal gazteak, batez beste, 30 urterekin emantzipatzen dira, etxeen garestitzeagatik

Ildo horretatik, batez besteko soldata garbia 1.164 eurokoa da 18 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, eta 1.428koa 30 eta 34 urte artekoentzat.

Emakume bat, etxean sartzen. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia
Emakume bat, etxean sartzen.
Emakume bat, etxean sartzen. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal gazteak, batez beste, ia 30 urterekin emantzipatzen dira, batez ere etxebizitzaren garestitasunagatik. Dena dela, gehienak baikorrak dira hemendik bost urtera haien egoera pertsonalak ekarriko dienarekin.

Horrela ondorioztatzen da "Euskadiko Gazteen 2019ko Panoramika" izeneko azken txostenetik, astelehen honetan Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuordeak eta Agurtzane Llano Gazteria zuzendariak aurkeztu dutena.

Emantzipazioari dagokionez, 18 eta 24 urte bitarteko euskal gazteen % 6,7 bakarrik independizatu da, eta 25 eta 29 urte bitartekoen % 35,7. Tasa horrek gora egiten du 30 eta 34 urte bitartean dituztenetan (% 72,8).

Hori dela eta, emantzipatzeko batez besteko adina zertxobait jaitsi da, eta orain, ia 30 urte dira (29 urte eta sei hilabete).

Emantzipazio berantiar horren arrazoi nagusia jabetzako etxebizitza librearen garestitzea da, nahiz eta 2015etik maila egonkorrean mantendu, pisuen prezioen jaitsieragatik eta bankuek ematen dituzten interes-tasen jaitsieragatik.

Alokairu libreko etxebizitzetan ere zailtasunak ikusten dituzte, izan ere, 2018an, Euskadin mila etxebizitza baino ez zeuden eskuragarri, eta, salmentan, ordea, 20.000 baino gehiago.

Testuinguru horretan, udalek eta Eusko Jaurlaritzak Etxebideren bidez sustatzen duten Babes Ofizialeko Etxebizitza (BOE) da gaur egun aukera bideragarri bakarra, txosten horren arabera. 2018ko lehen seihilekoan, Etxebiden erregistratutako etxebizitza babesturako eskabideen % 81,3k alokairua aukeratu zuen.

Jarduera-tasak, hau da, lanean ari diren edo lan egiteko prest dauden pertsonen ehunekoak, erakusten du 16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 26 egoera horretan daudela, eta ehunekoa % 85,4ra igotzen da 25 eta 29 urte bitartekoen artean.

Ildo horretatik, batez besteko soldata garbia 1.164 eurokoa da 18 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, eta 1.428koa 30 eta 34 urte artekoentzat.

"Euskadiko Gazteen 2019ko Panoramika" txostenak ere erakusten du gazteen % 49k goi-mailako titulazioa duela eta % 69,3k ondo hitz egiten duela euskaraz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Gazteak azken ordukoa Etxebizitza albisteak