Gizartea -
GERTAKARIA
Onik aurkitu dute atzotik falta zen mendizale gipuzkoarra Aralar mendilerroan
Atzo goizean atera zen etxetik, Pallardi mendira igotzeko asmoarekin. Iluntzean, itzuli ez zela ikusita, etxekoek larrialdi zerbitzuei abisua eman zieten.
EITB.EUS
49 urteko mendizale gipuzkoar baten bila aritu dira Aralar mendilerroan Nafarroako Suhiltzaileak eta Foruzaingoa, atzotik, eta gaur goizeko 10:00ak inguruan aurkitu dute, onik.
Foru Gobernuak jakitera eman duenez, atzo goizean atera zen etxetik gizonezkoa, eta Guardetxeko aparkalekuan utzi zuen autoa, Pallerdi mendira oinez igotzeko.
Iluntzeko 23:00etan etxera itzuli ez zela ikusita, haren senideek desagerketaren berri eman zieten larrialdi zerbitzuei.
Autoa berehala aurkitu zuten, esandako tokian, baina gizonezkoaren arrastorik ez. Euriak eta behelainoak asko zaildu zuten bilaketa, eta goizaldean bertan behera utzi dute.
Eguna argitu orduko, berriro ekin diote 08:00ak aldera, eta ia bi orduko bilaketaren ondoren, egoera onean aurkitu dute.