Gizartea -
Fiskaltzaren arabera
EAEko adingabeek 113 etxeko indarkeria delitu egin zituzten iaz
Iragan astelehenean 17 urteko gazte bat atxilotu zuten Portugaleten, ama eta anaia hiltzea leporatuta. Gertaera horrek oihartzun handia izan du euskal gizartean.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren adingabeek etxeko indarkeriarekin erlazionatutako 113 delitu egin zituzten iaz, Fiskaltzaren Memoriaren arabera. Lurraldeka, Bizkaian 52 delitu zenbatu zituzten, Gipuzkoan 51 eta Araban 10.
Iragan astelehenean 17 urteko gazte bat atxilotu zuten Portugaleten, ama eta anaia hiltzea leporatuta. Gertaera horrek oihartzun handia izan du euskal gizartean.
Hala ere, 2010eko txostena aurkeztu zuen egunean, Juan Calparsoro EAEko Justizia Auzitegiaren fiskal buruak bere "kezka" agertu zuen adingabeek etxean erabiltzen duten "indarkeriagatik". Iaz bakarrik, mota honetako 113 delitu zenbatu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan.
Iaz, Bizkaiko Fiskaltzak 52 espediente ireki zituen beste hainbeste etxeko indarkeria kasuengatik. Lau kasutan amarengandik urruntze agindua ezarri zuen epaileak. Aurreko urtean, 2009an, 86 delitu izan ziren, eta 2008an, 67.
Horrez gain, hamar bat sexu eraso, hilketa bat, indarra erabiliz egindako 180 lapurreta eta indarkeria erabiliz beste 163 lapurreta egin zituzten Bizkaiko adingabeek, besteak beste.
Gipuzkoan, adingabeek mota honetako 51 delitu egin zituzten iaz. Horrez gain, genero indarkeriagatik hiru kasu zenbatu zituzten Gipuzkoan, lau sexu eraso eta hilketa bat. Orotara 215 lapurreta egin zituzten lurralde horretako adingabeek.
Araban, etxeko indarkeriagatik 10 kasu zenbatu zituzten. 5 sexu eraso eta bi sexu abusu ere egin zituzten Araban. Indarra erabiliz egindako lapurretak (32) eta indarkeria erabiliz egindakoak (26) ere zenbatu zituen Fiskaltzak.