Gizartea -

Sutearen ostean

Basurtuko Ospitalea 'normaltasunez' dabil, Eusko Jaurlaritzaren arabera

Astelehen honetako gauean izandako suteak laborategi batzuk ezgaitu ditu, baina Nekane Murga Osasun sailburuak zehaztu du ospitalea "guztiz" dagoela herritarren zerbitzura.

Sutea astelehen gauean piztu zen. Argazkia: EiTB.
Sutea astelehen gauean piztu zen. Argazkia: EiTB.
Sutea astelehen gauean piztu zen. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburu Nekane Murgak "lasaitasun" mezua helarazi die herritarrei astelehen honetako gauean Basurtuko Ospitalean izandako sutearen ostean. Suak Bilboko ospitale horretako laborategi batzuk ezgaitu ditu, baina Murgak zehaztu du zentroa "normaltasunez" dabilela premiazko ebakuntzei eta programatuta zeudenei dagokienez, bai eta larrialdietako zerbitzuei dagokienez ere.

Ospitalean Juan Maria Aburto Bilboko alkatearekin batera egindako bisita batean, sailburuak eskatu die herritarrei "lasai" egoteko: "Basurtuko Ospitalea  herritarren zerbitzura dago guztiz", adierazi du.

Sutea 22:00ak aldera hasi zen, ospitaleko Gurtubay pabiloian; bertan, laborategiak eta odol-bankua daude. Suak jatorri elektrikoa izan omen zuen, baina ikertzen ari dira, arrazoiak zehazte aldera.

Kalte materialak, zauriturik gabe

Sailburuak azaldu duenez, suak kalte materialak eragin ditu, baina zauriturik ez. Ziurtatu du langile batek izan zuela kontaktu txikia kearekin, baina egiaztatu zutela horrek ez zuela kalterik izan, eta, hortaz, lanean jarraitu zuela.

Gurtubay pabiloian ez dago ospitaleratutako gaixorik, baina bertako langileak atera egin zituzten. Estalkiaren azpikoan eta hirugarren solairuan izan zuen eragina suak; solairu hartan, hainbat laborategi daude. Andoni Oleagordia Bilboko Babes Zibileko zuzendariak komunikabideei azaldu dienez, hirugarren solairuan kalteak handiak dira, suagatik, beroagatik eta keagatik.

Murga sailburuak esan du ospitaleko jardueran ez dela inolako gorabeherarik izan, genetikarekin eta birusekin lotutako analisi klinikoak egiten diren gunean kenduta. Baliteke, "denbora labur batean", analisi horiek beste ospitale batean egin behar izatea; berez, Basurtuko Ospitalea Gurutzetara ari da desbideratzen mikrobiologiako eta serologiako analisi klinikoetarako laginak.

Aburtok suhiltzaileen profesionaltasuna eskertu du

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, bere aldetik, suhiltzaileen profesionaltasuna eskertu nahi izan du; izan ere, esan duenez, "horien azkartasunak eta eraginkortasunak ekarri dute kalteak ez izatea handiagoak". Halaber, eskerrak eman dizkie ospitaleko langileei, zentroa normaltasunez ibiltzeko egindako ahaleginagatik.

ESK sindikatuak ospitaleko Zuzendaritzari eskatu dio "ikerketa sakona" egiteko, eta prebentziozko lan handiagoa egin dezan. Ohar baten bidez, sindikatuak balioetsi du suteak ez duela inor zauritu, "ezbehar handia izan zitekeen arren".

ELAk sutea ikertzea eskatu du

ELA sindikatuak ikerketa bat eskatu dio Osakidetzari, ospitaleko laborategi batzuk zerbitzutik kanpo utzi dituen sutearen "arrazoi zehatzak" argitzeko.

Ohar baten bidez, beharrezkotzat jo du lan-arriskuen prebentzioa indartzea, bai prebentzio-neurriak ezartzearen ikuspegitik, bai langileek arlo horretan duten prestakuntzaren ikuspegitik.

"Zorionez -adierazi du-, pazienterik ez dagoen pabiloi batean izan da sutea, eta beste txanda batzuetan baino langile gutxiago dauden ordu batean. Bestela, kalteak askoz handiagoak izan zitezkeen", adierazi du.

Sindikatuak ziurtatu duenez, urteak daramatza langileei suteen aurkako babesari buruzko prestakuntza egokia eskatzen; izan ere, "langileen zati handi batek ez daki nola jokatu sute larriren bat gertatuz gero, kasu honetan bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Bilbo berriak Azken ordukoa Bizkaia Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Suteak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak