Gizartea -

Prestazioa

Bizkaiko zaintzaileek 15 eguneko atsedena hartzeko laguntzak eska ditzakete jada

Mendekotasun-egoeran dagoen senidea, foru-sareko egoitza batean egongo da bi aste horietan. Bizkaian, familia-inguruan zaintzak emateaz arduratzen diren 21.000 pertsona daude.

Adineko bi pertsona, egoitza batean. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia
Adineko bi pertsona egoitza batean.
Adineko bi pertsona, egoitza batean. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak gutunak bidali ditu familia-inguruan zaintzak emateaz arduratzen den zaintzaile bat dagoen 21.000 etxetara, izan ere, egoera horretan egotea nahitaezko baldintza da indarrean sartu berri den laguntza osagarri hori jaso ahal izateko.

Urtean 15 eguneko aldi baterako egonaldia Zaintzaileen Estatutuan ezarritako atsedenaldi-zerbitzuari lotutako prestazioaren bidez finantzatuko da. Ildo horretatik, 30 pertsona inguruk egin dute eskaera jada, eta bi asteko atsedenaldiaz gozatuko duten lehenak izango dira. Aldundiak azaldu duenez, mendekotasun-egoeran dagoen senidea, foru-sareko egoitza batean egongo da bi aste horietan.

Une honetan, Bizkaian, Familia Ingurunean Zaintzeko Prestazioaren (FIZP) 21.000 onuradun erregistratuta daude. Horrenbestez, horrek esan nahi du mendekotasun-egoeran dauden beste hainbeste pertsona daudela, Bizkaiko Zaintzaileen Estatutuan halakotzat aitortuta daudenak.

Hala, pertsona horiek guztiek, Bizkaiko Foru Aldundiaren gutun bat jaso dute beren etxeetan, zaintzaile-izaera aitortuta dutela jakinarazteko, eta, hala, Zaintzaileen Estatutuan jasota dagoen atsedenerako eskubidea baliatzeko, nahi izanez gero.

Eskaerak, atsedenerako aldi baterako egonaldia hasi baino 45 egun lehenago egin beharko dira gutxienez, denbora horretan, FIZPa eten ahal izateko, bi laguntzak bateraezinak baitira. Atsedenaldia amaitutakoan, prestazio hori automatikoki berraktibatuko da.

Eskabidea, Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean eskuragarri dagoen inprimaki baten bidez egin daiteke, egoitza elektronikoan bertan.

Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen % 80k baino gehiagok beren etxean egoteko asmoa dute, beste pertsona batzuen zaintzak behar dituztenean ere. Askotan, horretaz arduratzen diren pertsonak haien senideak dira, eta, gehienetan, emakumeak.

Lehen behaketa batean, zaintzailearen profilak honako irudi hau ematen du: 61 urteko emakumea (% 65); mendekotasuna (gehienbat II. gradukoa, % 37) duen 71 urteko pertsona baten bikotea ala alaba. Dena dela, zaintzaileei buruzko begirada zehatzago batek, zaintzaileen profil ezberdinen inguruko ñabardura batzuk uzten ditu agerian.

Zaintzailearen eta mendekotasuna duen pertsonaren arteko ahaidetasunari dagokionez, gehienak seme-alabak dira (% 41,55) edo bikoteak (% 31,32). Adina, loturaren arabera aldatzen da: ezkontideak dira nagusienak (74,9 urte), eta, seme-alabak zaintzen dituzten gurasoak (% 16,68), gazteenak (50,84 urte).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak