Gizartea -

Desagertzea

Sei urte Borja Lazaro gasteiztarra desagertu zela

Kolonbian ikusi zuten azkenekoz 2014ko urtarrilaren 7tik 8rako gauean. Ordutik, familiak ez du gaztearen desagertzearen inguruko berririk izan.

Borja Lazaroren kasua ez ahazteko egindako elkarretaratzeetako bat. Argazkia: EFE
Borja Lazaroren kasua ez ahazteko egindako elkarretaratzeetako bat.
Borja Lazaroren kasua ez ahazteko egindako elkarretaratzeetako bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtarrilaren 8an sei urte beteko dira Borja Lazaro gasteiztarra Kolonbiako Guajira penintsulan desagertu zela. Ez dago berririk ezta aurrerapausorik ere; kasua ofizialki itxita egon ez arren, ikerketa ez arrera ez atzera dago.

Borja Lazaro, informatika ingeniaria eta argazkilari zalea, Cabo de la Velako ostatu batean ikusi zuten azkenekoz 2014ko urtarrilaren 7tik 8rako gauean.

Lurralde horretan argazki erreportaje bat egiten ari zen, eta desagertu aurreko orduetan bi turista alemaniar, bi txiletar eta kolonbiar batzuekin kopa batzuk hartu zituen. Bere ondasunak ostatuan bertan aurkitu zituzten, tartean bere dokumentazioa eta argazki kamerak.

Hasieran Kolonbiako Poliziak hainbat hipotesi izan zituen eskuartean: bahitu egin zutela, itsasoan ito zela edo Kolonbia iparraldean dagoen eskualde erdibasamortutarrean noraezean sartu zela, esaterako. Lehenengo bi aukerek indarra galdu zuten erreskaterik eskatu ez delako eta itsasoak ez duelako bere gorpua itzuli.

Sergio Lazarok, Borjaren anaiak, esan duenez, ez dute berririk jaso eta zer gertatu zen jakin nahian dabiltza oraindik. Sergiok gaineratu du lehen aldia dela familiak ez duela elkarretaratzerik deitu data hauetan, eta horren ordez, urtarrilaren 11n, larunbata, kasua ez ahazteko eskatzeko kontzertu bat antolatu dute Gasteizko taberna batean.

Familiak azaldu duenez, Ertzaintzarekin eta Atzerri Ministerioarekin kontaktuan jarraitzen dute, eta esaten dietenez, Kolonbiako ordezkariekin egiten dituzten bileretan Borja Lazaroren inguruan hitz egiten dute. Hala ere, Borjaren anaiak argitu duenez, ikerketari dagokionez, ez dute ia aurrerapausorik eman. Gainera, denborarekin poliziekin eta erakunde ofizialekin harremana hozten doala ere esan du.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Kolonbiako albisteak gaur Desagertutako pertsonak gaur