Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Serranok hilketa gaitzetsi eta protestetara joateko dei egin du
Eusko Jaurlaritzako Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak esan duenez, "inork ezin dio arazoari iskin egin".
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak, Mariola Serranok, Hernanin jazotako hilketa irmoki gaitzetsi du eta honek eragindako atsekabea agertu du. Rosario Roman zuen izena ustez bikotekide ohiak gaur goizaldean hil duen emakumeak.
Biktimaren alaba ere ekarri du gogora eta erasoaldi berean jasandako zauri larrietatik sendatzeko eta ustezko egilea lehenbailehen aurkitu eta atxilotuko dutelako nahia adierazi du.
Berak gidatzen duen Zuzendaritzak "edozein eratako genero-indarkeria errotik erauzteko eta heziketaren, sentsibilizazioaren eta prebentzioaren bidez, gizon-emakumeen arteko berdintasunaren balioak euskal gizarteak bere egin ditzan" lan egingo duela argi utzi du Mariola Serranok.
Beste behin gogoratu du genero-indarkeria, guztiongan eragina duen "arazo sozial larria" dela. "Inork ezin dio arazoari iskin egin, guztiok gara eta konponbidearen zati", nabarmendu du. Zentzu honetan gaineratu du, "halako jokabideen aurrean, guztiok tolerantziarik eza erakutsi" behar dugula. Hortaz, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren izenean herritar guztiei eskatu die "biharko deitutako kontzentraziora joateko; arratsaldeko zortzietan Hernaniko udaletxe aurrean".