Gizartea -

Bizkaia

Eusko Jaurlaritzak radarrak jarriko ditu Arrangizganean abiadura zaintzeko

Besteak beste, bertako segurtasuna izan dute hizpide Bizkaiko Batzar Nagusietan, PPk proposatuta.

Radarrak ezartzea "puntu beltzetan" istripuak murrizteko bide bat da. Argazkia: EiTB.
Radarrak ezartzea "puntu beltzetan" istripuak murrizteko bide bat da.
Radarrak ezartzea "puntu beltzetan" istripuak murrizteko bide bat da. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak radarrak jarriko ditu Arrangizganean ibilgailuen abiadura zaintzeko, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak iragarri duenez.

Pradalesek agerraldia egin du ostiral honetan Bizkaiko Batzar Nagusietan, errepide sareko zati batzuetako segurtasunari buruz hitz egiteko.

PPk eraman du Arrangizganeko segurtasuna Ganberara, "puntu beltz" horretan istripuak murrizteko neurriez galdetuta. Alderdi horren arabera, 2010etik, batez beste, 60 ezbehar izan dira bertan urtero.

Foru diputatuaren hitzetan, 2016. urtearen amaieran errepide horretan istripuak murrizteko neurriak hartu zirenetik (ezbeharren kopurua % 41 jaitsi da ordutik), "ez dago bidea hobetzeko irtenbide handirik", eta ibilgailu jakin batzuek "neurriz kanpoko abiaduran" gidatzea da arazoa.

Pradalesek emandako datuen arabera, erabiltzaileen % 13k ez dute abiadura-muga errespetatzen, eta, batez beste, Arrangizganetik igarotzen diren gidarien % 9ri jarri diete zigorra. Egunero, batez beste, 7.700 ibilgailu igarotzen dira errepide horretatik, eta horien % 14,4 astunak dira.

Horren aurrean, Aldundiak abiadura kontrolatzeko radarrak jartzea eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Trafiko Sailari.

Pradalesek azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak 60 milioi euro inguru inbertitzen ditu urtero lurraldeko errepideak zaindu eta mantentzeko lanetan, eta, besteak beste, errepideen segurtasuna handitzeko eta hobetzeko neurriak hartzen ditu.

Helburu horrekin, Foru erakundeak hainbat jarduketa egin ditu iragan abenduan eta urtarrilaren hasieran N-636 errepidean, Elorrio parean, diputatuaren esanetan; izan ere, Iguria auzoko bizilagunak protesta egin zuten bide horretan segurtasuna bermatzea eskatuz.

Auzokide horien eskaeren inguruan, Pradalesek azaldu du Aldundiak bi aukera proposatu zizkiola Elorrioko Udalari: batetik, oinezkoentzako bidezidor bat eta semaforoak dituen oinezkoentzako pasabide bat jartzea, eta, bestetik, gaia sakon aztertzeko, udal arduradunekin bilera bat egitea, irtenbide bat proposatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bizkaia Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Imanol Pradales gaur