Gizartea -

Eguraldia

Abisu horiak ezarri dituzte gaur olatuengatik eta haizearengatik

Horrez gain, asteazkenerako beste bi abisu hori jarriko dituzte indarrean: bata olatuengatik eta bestea haize gogorragatik. Ibilgailuak ezingo dira Pasealeku Berritik ibili.

Hainbat pertsona Donostiako olatu handiei begira. Artxiboko argazkia: EFE
Hainbat pertsona Donostiako olatu handiei begira.
Hainbat pertsona Donostiako olatu handiei begira. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bost abisu hori ezarri ditu gaur, asteartea, muturreko hainbat fenomeno tarteko. Zehazki, izotzagatik eta muturreko tenperatura baxuengatik, itsasaldeko arriskuagatik (nabigaziorako zein kostaldeko inpaktuagatik) eta haize-bolada gogorrengatik. Asteazkenean, berriz, beste bi abisu hori izango dira indarrean: haize ufada gogorrengatik eta 3-3,5 metroko olatuek kostaldean kalteak eragin ditzaketelako

Tenperaturari dagokionez, izotza egiteko arriskua izango dela iragarri du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak, eta, hori dela eta, Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gauerditik 10:00ak arte. Azkenean, tenperatura minimoak ez dira iragarritakoak bezain baxuak izan, eta Araban neurtu dituzte hotzenak: Moredan (-2,6), Kanpezun (-1,9) eta Paganosen (-1,8).

Itsasoan ere ez da giro izango. Hala, itsasaldeko arriskuagatik hiru abisu hori izango dira indarrean: bi kostaldeko kalteengatik eta bestea nabigaziorako. Lehena 06:00etatik 08:00etara aktibatu dute (lehen itsasgora 06:54an izan da), 2,5-3 metroko olatuak espero baitziren. Halaber, 09:00etatik aurrera eta egun osoan zehar, nabigaziorako abisu horia izango da, 4-4,5 metroko olatuak espero baitira; egunaren amaieran, 3,5-4 metrokoak izango dira. Azkenik, 18:00etatik 20:00etara (bigarren itsasgora 19:25ean izango da), bigarren abisu horia izango da indarrean kostaldeko inpaktuagatik, 4-4,5 metroko olatuak espero baitira.

Aipatutako abisu horiez gain, 18:00etatik 24:00etara, abisu horia ezarriko dute haizeguneetan, ufada gogorrak espero baitira. Euskalmeten arabera, Bizkaian eta Araban, haizeguneetan, hego-mendebaldeko haize-boladek orduko 100 kilometroko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Bestalde, Bizkaian eta Araban, haizeguneak ez diren tokietan, haize-boladak orduko 60-80 kilometro ingurukoak izan daitezke, batez ere mendebaldean eta gauean.

Asteazkenerako, Segurtasun Sailak bi abisu hori ezarriko ditu: bata haizeagatik eta bestea olatuek kostaldean egin ditzaketen kalteengatik. Lehena gauerditik 09:00etara egongo da indarrean. Bizkaian eta Araban, haizeguneetan, hego-mendebaldeko boladek orduko 100-110 kilometroko abiadura gaindi dezakete, mendebaldeko mendietan eta goizaldean bereziki. Bestalde, Bizkaian eta Araban, haizeguneak ez diren lekuetan, ufadak orduko 80 kilometrokoak izan daitezke, batez ere mendebaldean eta goizaldean.

Halaber, 07:00etatik 09:00etara, abisu horia izango da indarrean itsasaldeko arriskuagatik (kostaldeko inpaktua), 3-3,5 metroko olatuak espero baitira. Itsasgora 07:41ean izango da, eta 4,61 metro igotzea espero da (gainezka egiteko indizeak l=6,3 m eta lmax=6,8 m).

Donostiako Pasealeku Berria, itxita

Donostiako Pasealeku Berria itxi dute ibilgailuentzat astelehen arratsaldean, abisu horia ezarri baitute olatuek kostaldean eragina izan dezaketelako.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, ibilgailuak ezin dira Pasealeku Berritik ibili 18:00etatik aurrera.

Urtarrilaren 15eko 09:00ak arte egongo da itxita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak