Gizartea -
Erabakia
Jaurlaritzak ez du joko-areto gehiagorentzako baimenik emango
Jokoaren araudi orokorra berrikusteko asmoa du orain exekutiboak, apustuak egiten dituztenak gero eta gazteagoak direla ohartarazi baitute.
Agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ez du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) joko-areto berriak zabaltzeko edo horietan aldaketak egiteko baimen gehiago emango. Jokoaren araudi orokorra berrikusi eta berritu nahi du Jaurlaritzak, eta, hori egin bitartean (bederatzi hilabeteko epea du), ez da areto berririk zabaltzeko aukerarik izango.
Jaurlaritzak gaurko gobernu bileran hartu du erabakia. Areto berriak zabaltzeko aukera baztertzeaz gain, zabalik daudenak handitzeko edota joko-makina berriak ustiatzeko baimenak emateari utziko dio exekutiboak.
Neurriak ez die eragingo jada baimena emanda duten eta irekitzear dauden aretoei —bost joko-areto eta bi bingo—. Gaur egun, 205 joko-areto, 34 apustu-etxe, 14 bingo eta bi kasino daude Euskadin.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak azaldu duenez, "jokoaren erabilera desegokiaren arriskuak murriztu eta, ahal den heinean, gazteen artean ludopatia saihestea da helburua".
Sailburuaren esanetan, jokoaren araudi orokorra aztertuko du Jaurlaritzak. Zehazki, joko-aretoetara sartzeko kontrolak hobetu, aretoen eta ikastetxeen arteko distantzia berrikusi eta administrazio publikoen arteko koordinazioa hobetu nahi dituzte, talde zaurgarrienak babesteko asmoz.