Gizartea -

Tarragona

Lantegi petrokimikoaren eztandan desagertu zen langilearen gorpua topatu dute

Hortaz, bi pertsona hil dira leherketaren ondorioz. Horrez gain, beste zortzi lagun zauritu dira; bi oso larri daude. Suhiltzaileek argitu dutenez, erreaktore batean izan zen eztanda.

Suhiltzaileak lantegian daude oraindik, eraikina freskatzen. Argazkia: EFE
Suhiltzaileak lantegian daude oraindik, eraikina freskatzen.
Tarragonako leherketaren ondorioz desagertutako langilea hilda aurkitu dute

0:44

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Generalitateko suhiltzaileek gaur goizean topatu dute Tarragonako lantegi petrokimikoan eztanda eta sutea izan zenean desagertu zen langilearen gorpua, sindikatuetako iturriek baieztatu dutenez.

Horrenbestez, bi pertsona hil dira leherketaren ondorioz. Beste biktima lantegitik hiru kilometrora dagoen Torreforta auzoko bizilagun bat da. Leherketaren hedatze-uhinaren ondorioz hil zen, haren etxearen zati bat erori eta azpian harrapatuta.

Horrez gain, zortzi langile daude zaurituta, bi oso larri. Zauritu larrienak Vall d'Hebron ospitalera eraman zituzten, beste bat Tarragonako Joan XXIII erietxera eraman zuten (hainbat erredura ditu), eta gainerako bostek zauri arinak dituzte; horietako hiruk atzo bertan jaso zuten senda-agiria.

Hildako behargina txanda horretako burua zen, eta desagertuta zegoen eztanda gertatu zenetik. Sindikatuen arabera, 25 langile zeuden lantegian leherketa gertatu zenean (120 langile dira guztira).

CCOO eta UGT sindikatuek lanuztea deitu dute eguerdirako, biktimei elkartasuna adierazteko eta lan-baldintzak salatzeko; izan ere, "okerrera egin dute lan baldintzek sektorean, eta segurtasunari kalte larria egin diote".

Tarragonako Udalak bi dolu egun ezarri ditu.

Halaber, Cel Net plataformak mobilizazioa deitu du gaurko, 19:00etarako, Tarragonako Font plazan, Kataluniako Gobernuaren "kontrol eta araudi falta" salatzeko. Elkarte horrek adierazi duenez, Tarragonako industriagune petrokimikoa Europa hegoaldeko handiena da, eta bertatik 2,5 kilometro eskasera jendea bizi da. "Koktel kimiko bat da, bolborategi hutsa", kritikatu dute.

Leherketa erreaktore batean gertatu zen

Generalitateko 30 bat suhiltzaile-kamioik lantegiaren inguruetan jarraitzen dute. Etileno oxido tangaren konbustioa "kontrolatu", nitrogenoa sartu eta garrak eraikinaren kanpoaldera ez zabaltzeko.

Albert Ventosa Generalitateko suhiltzaileen Tarragonako operazioen buruak azaldu duenez, atzoko leherketa erreaktore batean jazo zen, eta ondoan zegoen tanga batera zabaldu zen gero. Ventosaren hitzetan, oraingoz ez dakite zergatik egin zuen eztanda erreaktoreak. Ventosak argitu du erreaktorea "produktu kimikoek erreakzionatu egiten duten lekua" dela.

Bestalde, Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilariaren arabera, sutea itzaltzeko lanak "bide onetik" doaz. "Oraindik erretzen ari den produktua dago, freskatu egin behar dugu, eta, beraz, oraindik ezin dugu amatatutzat eman", esan du.

Buchen esanetan, lantegiaren inguru guztia (zazpi bat enpresa) itxita dago, "badaezpada".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Katalunia Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak