Gizartea -

Trafikoa

Donostiako saihesbideko errei bat zabaldu dute, kamioi batek su hartu ostean

Irungo noranzkoan zihoan kamioiak matxura izan eta su hartu du. Ingurua ez kolapsatzeko, A-15a edo AP-8a erabiltzeko gomendioa eman du Eusko Jaurlaritzak.

Donostiako saihesbidean su hartu duen kamioia. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Su hartu duen kamioia.
GI-20 errepidea moztu dute Donostian, Irunerako bidean, kamioi batek su hartu ostean

1:22

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

GI-20 errepidea, Donostiako saihesbidea, itxi dute Irunerako noranzkoan, gaur kamioi batek su hartu ostean, eta zirkulazioa GI-40 errepidetik bideratu dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Dena dela, 08:00etarako errei bat ireki dute.

Gorabehera horren ondorioz, eta zirkulazioa inguru horretan ez kolapsatzeko asmoz, Gipuzkoako hiriburura Tolosaldetik, Andoaindik, Hernanitik eta Urola Kostatik doazen gidariei saihesbide horretatik ez joateko gomendatu die Ertzaintzak, eta, horren ordez, A-15 edo AP-8 autobideak erabiltzeko.

Halaber, erdigunera sartzeko sarrera gomendagarriak Ondarreta eta Loiolako Erribera izango lirateke.

01:30 aldera hartu du su kamioiak, belodromoaren parean, eta ikerketa ireki dute sua zerk eragin duen argitzeko.

Garabiak 04:45ean kendu du kamioia bidetik, eta garbitzaileak bertaratu dira errepidea garbitzera, baina Trafiko Zuzendaritzaren aurreikuspenen arabera, errepidea eguerdira arte egongo da itxita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Donostia Gipuzkoa Gizartea Trafikoko telefonoak Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Irun Albisteak