Gizartea -

Osasun publikoa

167.000 nafar deituko dituzte kolon eta ondesteko minbizia detektatzeko proba egiteko

2020an eta 2021ean egin ahalko dute proba, bi minbizi mota horiek goiz detektatzeko programaren laugarren txandaren barruan. 50-69 urteko lagunentzako proposamena da.

Langile bat, osasun-zentro batean, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Langile bat, osasun-zentro batean, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Langile bat, osasun-zentro batean, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak 167.000 laguni bidaliko die kolon eta ondeste minbizia goiz detektatzeko proba egiteko gonbidapena. 2020an eta 2021ean bidaliko dituzte gonbidapenak, bi minbizi mota horiek goiz detektatzeko programaren laugarren txandaren barruan. Txanda hori, berez, abian da jada, lehenengo proposamenak urte hasieran bidali baitituzte.

Aurreko txandetan bezala, Nafarroan bizi diren 50-69 urteko gizon-emakume guztiek izango dute proba hori egiteko aukera. Oraingoan, eskuragarri dagoen informazioaren arabera, 1950eko urtarrilaren 1a eta 1971ko abenduaren 31 bitartean jaiotako 192.813 pertsona daude adin-tarte horretan; 97.031 gizon eta 95.783 emakume dira, eta, guztira, 21.208 lagunek jasoko dute gonbidapena lehen aldiz. Urtarrilean eta otsailean, Donibane, Tafalla eta Tuterako Mendebaldea, Lizarra, Milagrosa eta Ermitagaña oinarrizko osasun-eremuetan bizi direnak edo horietan izena emanda daudenak ari dira ohartarazten.

Aurretiaz kolon eta ondesteko minbizia diagnostikatu zaien edo azken bost urteotan kolonoskopia egin zaien pertsonak programatik kanpo geratuko dira, baita gonbidapena egiteko unean, aldi baterako bada ere, probarekin bateraezina den gaitz larriren bat dutenak ere. Une honetan, 25.710 pertsonak betetzen dute irizpide horietakoren bat.

Gainerako 167.103 pertsonek, bi urteetan egindako eguneratzeak alde batera utzirik, gonbidapena jasoko dute, eta, harekin batera, gorozkietan ezkutatutako odolaren testa egiteko beharrezkoa den materiala.

Estatuko parte-hartzerik altuena

Orain arteko hiru txanden emaitzek adierazten dute programak oso harrera ona izan duela. Foru Gobernuaren esanetan, nabarmentzekoa da horietan izandako parte-hartze handia; hain zuzen ere, gaur egun, Estatuko altuena da, eta aise gainditu du aurreikuspena. Datuen arabera, bigarren txandako parte-hartzea % 72koa izan zen, baina hirugarrenean (oso atariko datuekin, hainbat zonaldetan osatzeke) % 75eko ehunekoa gainditzea espero dute. Emakumeen parte-hartzea gizonena baino 4-5 puntu handiagoa izan da.

Inbaditzaile gehienak fase goiztiarretan diagnostikatzen dira (% 50, I fasean; eta % 65, I edo IIan), eta, horri esker, tratamendu askoz ere leunagoak erabil daitezke, behin sintomak agertu ostean, fase aurreratuago batean, detektatu izan balitz baino. Ondorioz, gaixotutako pertsonen bizi-kalitatea nabarmen hobetzen da.

Parte-hartzaileek osasun-zentroetan edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan berariaz jarritako kutxetan utzi beharko dituzte laginak; handik Nafarroako Laborategi Bateratura igorriko dituzte, bertan prozesatzeko eta aztertzeko. Emaitza negatiboa duten parte-hartzaileek gutun bat jasoko dute, horren berri eman eta bi urte ondoren berriz gonbidatuko dituztela esateko; positiboa dutenei, hots, gorozkietan odola detektatu zaienei, telefonoz deituko zaie emaitzaren berri emateko, eta lehen mailako arretako medikuarekin hitzordua jartzea eskatzeko, diagnostiko prozesua egiten jarraitze aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Minbizia bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua berriak Medikuntza albisteak