Gizartea -

Pneumonia

Osakidetzak ez du "alertarako arrazoirik" ikusten koronabirusaren bilakaeran

Bizkaian kasu susmagarri bat antzeman dute. Pazientea emakume bat da. Duela gutxi Txinako Wuhan hirian egon da eta gaitzaren sintomak ditu. Gurutzetako Ospitalean dago, isolamenduan.

Gaixotasun Infekziosoen Aholku Batzordearen bilera, Gasteizen. Argazkia: EFE
Gaixotasun Infekziosoen Aholku Batzordearen bilera, Gasteizen. Argazkia: EFE
Infekzio Gaixotasun Berrien Aholku Batzordeak lasaitasuna eskatu du

1:30

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaixotasun Infekziosoen Aholku Batzordeak ez du "alertarako arrazoirik" ikusten Wuhango (Txina) koronabirusaren bilakaeran. Horregatik, herritarrei "lasaitasuna" eta "sosegua" eskatu die.

Aholku batzordeak bilera egin du ostiral honetan, Gasteizen, Wuhango koronabirus berriaren egoera epidemiologikoa aztertzeko. Pneumoniak 26 hildako eragin ditu dagoeneko, eta gutxienez 887 kasu baieztatu dituzte oraingoz Txinan.

Enrique Peiro Batzordeko presidenteak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza "erne" egon dira azken hamar egunetan, birusaren bilakaera ezagutzeko helburuarekin.

Hala ere, Munduko Osasun Erakundeak oraingoz alerta ezartzeko arrazoirik ez dagoela ebatzi zuela gogorarazi du Peirok.

Gaixotasun Infekziosoen Aholku Batzordeko presidenteak ziurtatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Europar Batasunean "ez dago alertarako arrazoirik".

Gaixotasun infekziosoei aurre egiteko protokolo bat onartu zuen EAEk orain dela gutxi, Peirok azpimarratu duenez, kasuren bat antzematen baldin badute "erantzunik egokiena bermatzeko mekanismoekin": zaintza epidemiologikorako sistema "eredugarri" bat, "erreferentziazko" mikrobiologia laborategiak eta medikuntza prebentiboko zerbitzuak, "bakartze eta prebentzio protokoloak aplikatzeko, beharrezkoak balira".

Hala eta guztiz ere, koronabirusa eta gainerako arnas infekzioak saihesteko "funtsezko" osagai "erabakigarriak" hiru keinu xume dira: eskuak urarekin eta xaboiarekin sarritan garbitzea, ahoa ukondoaren estaltzea doministiku egiterakoan, eta erabili eta botatzeko paperak erabiltzea.

Txinako eskualde batzuetan maskarak falta direla galdetu diotenean, gripearen aurkako txertoaren kanpainan, Larrialdietan, Lehen Arretan eta Etengabeko Arreta Guneetan (EAG) maskara "nahikoak" izatea aurreikusi zutela erantzun du Peirok.

EAEko osasun arduradunak Osasun Ministerioarekin eta Munduko Osasun Erakundearekin harreman etengabean daudela gogorarazi du. Hala ere, Txinako agerraldiaren aurrean “erne” jarraituko dutela ziurtatu du, baina aurretik izandako beste gaixotasun batzuen bilakaerarekin alderatuta, "larritasun txikiagoa du”"

Peirok azaldu duenez, koronabirus berriaren ezaugarri asko oraindik ez dituzte ezagutzen, eta ondorioz, zuhurtzia eskatu du.

Kasu susmagarri bat Bizkaian

Alabaina, arratsaldean, bilera hori egin eta zenbait ordutara, Bizkaian balizko koronabirus kasu bat antzeman dutela jakin du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak.

Pazientea emakume bat da. Duela gutxi Txinako Wuhan hirian egon da eta gaitzaren sintomak ditu. Gurutzetako Ospitalean dago, isolamenduan.

Osasun Sailak azaldu duenez, analisiak egin dizkiote eta laginak Madrilgo Mikrobiologia Laborategira bidali dituzte, erreferentziazko zentroa baita. Emaitzak 24-48 ordutan izango dituztela espero da.

Nafarroak, Ministerioarekin lankidetzan, protokolo batean lan egingo du

Bestalde, Osasunbideako Epidemiologia eta Prebentzio Zerbitzuko ordezkariak Osasun Ministerioarekin audiokonferentzia bidez bildu dira ostiral honetan, koronabirusaren egoera eta ekinbideak aztertzeko helburuarekin.

Foru Erkidegoan kontrola eta alerta maila mantenduko ditu Zaintza Epidemiologikoko Zerbitzuak. Datorren astean zerbitzuetako profesionalekin koronabirusari aurre egiteko oinarrizko praktikak aztertuko dituzte, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Txina Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuak Erizaintza Koronabirusa