Gizartea -
Gipuzkoa
Gizon bat espetxeratu dute, Zarautzen beste bati labanaz eraso egin izana egotzita
Gertakaria joan den larunbat goizaldean izan zen, Munoa pasealekuaren inguruan. Biktima Donostia Ospitalera eraman zuten anbulantziaz.
Agentziak | Erredakzioa
31 urteko gizon bat espetxeratu dute, Zarautzen (Gipuzkoa) izandako eztabaida batean beste gizon bati arma zuri batekin eraso egiteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gertakaria larunbat goizaldean izan zen, Munoa pasealekuaren inguruan. Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen, gizon batek lepoan labankada bat jaso zuela eta odoletan ari zela jakin ostean. Agenteetako bat erasoaren lekukoen bila ari zen bitartean, beste batek zauritua artatu zuen, eta Donostia Ospitalera eraman zuten anbulantziaz.
Lekukoek gertatutakoaren berri azaldu, eta erasotzailearen eta harekin zihoan emakume baten deskribapena eman zieten agenteei, eta beste patruila batek Bizkaia kalean aurkitu zuen bikotea, Udaltzaingoak gelditurik zuela.
Gizona atxilotu egin zuten, arma zuriz egindako lesio-delitu bat egotzita, eta ertzain-etxera eraman zuten.
Egun horretan bertan, Azpeitiko guardiako epailearen esku utzi zuten, eta hark Donostiako Martutene espetxean sartzeko agindua eman zuen.