Gizartea -

San Inazioko auzoarekin lotura

Zorrotzaurreko bigarren zubia itsasadarraren gainean dago jada

Azpiegitura itsasadarraren bi ertzen artean kokatu dute dagoeneko, maniobra zail baten ostean.

Zorrotzaurreko bigarren zubia, itsasadarraren gainean jarrita. Argazkia: EiTB
Zorrotzaurreko bigarren zubia, itsasadarraren gainean jarrita. Argazkia: EiTB
Horrela jarri dute Bilboko San Inazio eta Zorrotzaurre auzoak lotuko dituen zubia

1:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zorrotzaurreko uhartea eta San Inazio konektatzeko zubia itsasadarraren gainean dago dagoeneko, maniobra zail baten ostean. Orain, zubia lotuta uzteko gainerako lanak egiten ari dira.

Zubiak 10 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izan du, eta Jaurlaritzak finantzatu du Visesa sozietate publikoaren bitartez. Ferrovial eta Viconsa konpainiek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak 2018ko maiatzean hasi ziren zubia eraikitzen.

2015ean Frank Gehry zubia inauguratu zuen Bilbok, eta gaur gaurkoz, hori da Zorrotzaurrera joateko modu bakarra (uhartearen hegoaldea Deustu auzoarekin lotzen du). Muntatzen hasi diren bigarren horrek uhartearen iparraldea San Inaziorekin lotuko du.

Oraingoz, zubia ez da oinezkoentzat eta ibilgailuentzat zabalik egongo. Hala, Zorrotzaurren lanean dabiltzan kamioiek erabiliko dute. 

Zubiaren ezaugarriak

San Inazio zubiak izen bereko auzoko bide-sarea eta oinezkoen bide-sarea Zorrotzaurreko uhartearekin lotuko du, Deustuko kanal artifizialaren gainetik. Kanalaren gainean egingo den bigarren zubia izango da, eta plangintzan Zorrotzaurreko ertz horretarako aurreikusitako konexioak osatuko ditu.

Zubiaren ardatza Illes Balears kalearen luzapena izango da, eta lerrokadura zuzena du kanalaren gainean. Zubiak 75 metroko argia salbatuko du eta 28 metroko taula-zabalera izango du. Taularen sekzioa oinezkoentzako bi espaloiren, garraio publikorako 2 erreiren eta ibilgailu motordunetarako beste 2 erreiren euskarria izango da. Bizikletak ibilgailu motordunen galtzada berean ibiliko dira, 30 km/h-ra mugatutako eremuetarako ezarritako udal-irizpideari jarraikiz. Zubiaren taulan sartuta, hiri-zerbitzuen sareak ertzen bi aldeetan lotzeko kanalizazioak antolatuko dira.

Zubiaren sestra, nolanahi ere, finkatuta dagoen urbanizazioarekin lotzean oinezkoen ahalik eta erosotasunik handiena lortzeko moduan zehaztu da, uholde-baldintzak direla eta beharrezkoa den babesarekin. Zubiaren diseinuak uraldi handiak ebakuatzeko beharrezkoa den sekzio hidraulikoa (Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean jasotako jarduketekin bateragarria) errespetatzen du, eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldiaren sakonerarekiko metro 1etik gorako babesa du, klima-aldaketaren ondoriozko itsas mailaren igoeraren aurreikuspena kontuan hartuta (itsas mailaren igoera 34 cm-koa izango dela kalkulatu da).

Zubiaren tipologia

Zubiaren egitura mistoa da (altzairua-hormigoia), eta altzairuak emango du egituraren garrantzi bisuala, Bilboko tradizio siderurgikoaren erreferentzia gisa.

Formalki, zubia bi arku beheratu simetrikoz osatuta dago. Arku horiek taularen azpitik abiatzen dira estribuetan, eta 3 metroko altuerara iristen dira erdiko tartean. Erdiko tarte horretan, taularen kargak 3 metroko distantzian ipinitako pendulu bertikalen bidez esekitzen dira arkuetatik. Arkuen ageriko zatiak “V” formako sekzio triangeluarra du. Multzoaren emaitzak arintasunez ematen du ertzen arteko pasabidea, formetan arina eta ibilguan bitarteko pilarerik gabe.

Zubia zubi integral gisa sortu da, dilatazio-junturarik gabe, bere funtzionaltasuna hobetzeko eta mantentze- eta kontserbazio-lanak minimizatzeko helburuarekin.

Obraren esparruan, kanalaren zabalera 111 metrokoa zen. Zubia egikaritzeko, ezkerraldeko betelana osatu da lehorreratze-eremuan. Era horretan, ezkerraldeko estribua, 75 metrotan (San Inazio kaiarekin paralelo), uharterako aurreikusitako morfologiara egokituko da.

Egitura metalikoa

Egituraren pieza metalikoak Tecade enpresak egin ditu Sevillan duen tailerrean, eta irailaren hasieratik abenduaren hasierara bitarte iritsi ziren obrara. Piezak jaso ahala, haien aurremuntaketa egin zen Zorrotzaurreko kaian. Egitura altzairu herdoilgaitzezko piezez osatuta dago, kalifikazio-mailarik handienarekin (EXC-4). Pieza horiek mihiztatu, soldatu eta korrosioaren aurka babestuko dira, itsas inguruneaz babesteko korrosioaren aurkako 3 pintura-geruzarekin. Esposiziorik handieneko eremuetan, 350 mikratik gorako lodiera izango dute, eta ontzien aplikazioetan eta offshore egituretan erabiltzen denaren antzeko babesa osatuko dute. Zubiaren azken irudia egitura metaliko zuri batena izango da.

Obra muntatzeko kaira iritsi ziren egitura metalikoaren lehen piezak nerbioak izan ziren. Nerbio horiek 36 metroko luzera dute, eta, tamainagatik, garraiobide berezietan iritsi ziren. Nerbio horien gainean, zeharkako eta luzetarako habeez osatutako parrilak (zubiko taularen egitura osatzen dutenak) muntatu ziren.

Zubiaren egitura bi arku simetrikorekin osatuko da. Arku horiek ere garraiobide berezietan ekarri behar izan zituzten, eta azaroaren erdialdera iritsi ziren obrara. Arkuek “V” formako sekzio triangeluarra dute, 15-35 mm-ko lodiera duten altzairuzko xaflez osatua, eta erresistentzia handiko HAC-90 hormigoi autokotrinkogarriarekin beteko da.

28 metroko zabalera duen taula oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren euskarri izango da, eta 52 mm-ko diametroko altzairu herdoilgaitzezko penduluen bidez esekiko da arkuetatik, Deustuko kanaleko ibilguaren gaineko 75 m-ko argia salbatzeko eta San Inazio auzoa Zorrotzaurreko uhartearekin lotzeko.

Obrak EU1eko Ituntze Batzarrak sustatutako obren (Zorrotzaurreko 1. Eremu Integratuko 1. Egikaritze Unitatearen A faseko urbanizazio-obrak –Zarandoa etorbidea– eta EU1eko D-1 eta B-2 esparruetako finkatze-betelanak) eta Bilboko Portuko Agintaritzak sustatutako obren (Deustuko kanalaren ezkerraldeko betelana) premiekin koordinatuta egiten ari dira.

Behin muntatuta, egituran hormigoia eta asfaltoa botako dute. Lanotan hiru bat hilabete emango dute. Apirilerako, karga probak egingo dituzte zubiaren egonkortasuna egiaztatzeko.

BIDEOA| Muntatze lanak atzo abiatu zituzten

Comienza la maniobra de montaje del puente de San Ignacio
Comienza la maniobra de montaje del puente de San Ignacio
Comienza la maniobra de montaje del puente de San Ignacio

0:47
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zorrotzaurre Deustuko auzoa