Gizartea -

Osakidetza

Lehen Mailako Arretan martxorako izango dira 126 familia-mediku eta pediatra gehiago

Osakidetzaren 2016-2017ko Lan Eskaintza Publikoan lanpostua lortu zuten. Ostegun honetan jakinarazi dute kategoria horietako profesional berrien behin behineko zerrenda, eta haien lantokiak.

Artxiboko irudian, mediku-kontsulta bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Artxiboko irudian, mediku-kontsulta bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Artxiboko irudian, mediku-kontsulta bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak martxorako izango ditu 126 familia-mediku eta pediatra gehiago; hain zuzen ere, profesional horiek Osakidetzaren 2016-2017ko Lan Eskaintza Publikoan lanpostua lortu zuten, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakitera eman duenez. Osakidetzak ostegun honetan argitaratu du kategoria horietako profesional berrien behin behineko zerrenda, bai eta haien lantokiak ere.

Osasun Sailak nabarmendu duenez, Lehen Mailako Arreta indartzeko egiten ari den ahaleginaren baitan erabaki dute kategoria horien esleipenari lehentasuna ematea; izan ere, gizarteari zerbitzu hobea ematea eta zerbitzua osatzen duten profesionalei hobeto antolatzen laguntzea da helburua.

Guztira, 126 plaza dira, Osakidetzaren ESI guztiak zenbatuta: 86 plaza Fakultatibo Espezialista Familiako Mediku kategoriari dagozkio, eta 40 Fakultatibo Espezialista Pediatriako Mediku kategoriari.  

Plaza esleitzen zaien medikuek hilabeteko epea izango dute esleitutako plaza hartzeko, izendapena EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera. Erabakia otsailaren 17a aldera argitaratuko denez, martxorako, apirila hasi baino lehen, dagokien osasun-zentroko plaza hartuko dute.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogora ekarri dute profesional horiek langile finko bihurtuz (hori ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera gertatuko dena) Lehen Mailako Arretak dituen erronkei, hala nola, biztanleria zahartzeari eta, horren ondorioz, eritasun kronikoak areagotzeari, baliabide gehiagorekin aurre egin ahal izango zaiela.

Psikiatriako Mediku eta Haurren Psikiatriako Mediku berriak ere

Bestalde, Osakidetzak jakinarazi du beste bi kategoriatako plazak ere esleituko direla, hain zuzen ere, Psikiatriako Mediku eta Haurren Psikiatriako Mediku kategorietakoak, eta 44 eta 11 plaza esleituko dira, hurrenez hurren. Kasu horretan ere, ebazpena otsailaren erdialdera argitaratuko da EHAAn, eta plaza esleitzen zaienek hilabeteko epea izango dute plaza hartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Medikuen albisteak Anbulatorioak albisteak