Gizartea -

Bilbo

Moma diskoteka ezin duela itxi adierazi du Bilboko Udalak

"Araudiarekin bat dator haren lizentzia", gogorarazi du Herritarren Segurtasun zinegotziak. Esan duenez, 2019an Udaltzaingoak esku-hartze gutxiago egin behar izan ditu.

Artxiboko irudian, hainbat gazte Moma diskotekaren kanpoaldean. EiTBren bideo bateko argazkia.
Artxiboko irudian, hainbat gazte Moma diskotekaren kanpoaldean. EiTBren bideo bateko argazkia.
Artxiboko irudian, hainbat gazte Moma diskotekaren kanpoaldean. EiTBren bideo bateko argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasun zinegotzi Amaia Arregik adierazi du Moma diskotekaren irekitze-lizentzia "ordenantzekin bat" datorrela, eta zigorra ezarriko diotela "ez baditu betetzen", baina, zehaztu duenez, "prozedurak amaitu aurretik, ez dago establezimendurik ixterik". Halaber, Arregik nabarmendu du kexek eta Udaltzaingoaren esku-hartzeek behera egin dutela 2019an, aurreko urteekin alderatuta, eta, horrez gain, onartu du Udalari "arinago" joatea gustatuko litzaiokeela, "baina indarrean dauden arauak errespetatu behar ditugu, gustatu ala ez, 'garantistak' izan behar baikara", azpimarratu du.

PPk, ostegun honetan, galdera egin dio Batzordean zinegotziari, eta azken horrek horixe erantzun du. PPk diskoteka “ixteko” neurri zehatzak eskatu dizkio udal-gobernuari (Bilboko Rodriguez Arias kalean dago, 66.ean); izan ere, Carlos Garcia zinegotziaren hitzetan, frogatuta dago diskotekako arduradunak "arau guztiak urratzen dituzten piratak" direla, “eta Udalari, auzokoei eta bideragarritasuna eta etorkizuna kaltetuta dituzten beste salerosketei iseka" egiten dietela.

Arregik gogorarazi dio Garciari Udaltzaingoak "gertutik" zaintzen duela diskoteka, "batez ere asteburuetan", eta berak zuzendutako sailaren lana dela indarrean dauden arauak betearaztea: "Horretarako, eskura ditugun baliabide guztiak jartzen ditugu, zaratak eta bizikidetza-arazoak saihesteko, baina diskotekaren irekitze-lizentzia ordenantzekin bat dator". "Beste gauza baterako", nabarmendu du Arregik, "eztabaida egin beharko da, gaueko aisialdiaren gainean, baina, bitartean, araua betetzen ez bada ezarriko dira zigorrak, beti prozedura 'garantistak' baliatuz".  

Ildo horretan, aldeztu du bere sailak "beharrezko lana" egiten duela arauarekin, eta "araudia kontuan izanik" ezartzen dituela zigorrak: "Baina, prozedurak amaitu gabe, ez dago establezimendurik ixterik". PPko zinegotziari gogora ekarri dionez, "zigortu genuen, kautelazko neurriak ezarri ziren ixteko, baina haiek helegitea aurkeztu zuten, eta epaileak berriro irekitzea ebatzi zuen".

Aisialdi-eredua

Arregik berretsi du bere sailari ez dagokiola aisialdi-eredua zehaztea, eta onartu du "agian" eztabaida hori izan daitekeela bidea "nahi den emaitza lortzeko", "baina indarrean dauden arauak betearazi behar dira, eta prozedurak jarraitu; bestela, gerora alegazioak egoten dira, salaketak epaitegietara joaten dira, eta helegiteak aurkezten dira. Bitartean, araudiaren barnean egiten dugu guk geure lana".

Zinegotziaren esanetan, bi arazo-mota daude: "Diskotekaren barruan gertatzen direnak, alegia, zarata- eta dezibel-maila gainditzea, eta kanpoaldekoak, diskoteketako inguruetan jazotzen diren horiek", sarreran eta irteeran.

Gogora ekarri duenez, horregatik, 2017an 190 kexa jasota, neurriak hartzea erabaki zuten: sarrera- eta irteera-orduetan, uniformatutako agenteak egoten dira diskotekaren inguruetan. Egun ere eusten diete neurri horiei: ostegun gauetan, 00:00etatik 02:00etara eta 04:30etik 05:00etara, udaltzainak egoten dira, eta ostiraletan eta larunbatetan 06:00etatik 06:30era.

Galdetu diote Arregiri ea zenbat udaltzain zauritu diren larri diskoteka ireki zutenetik eta asteburuetarako neurriak ezarri zirenetik; zinegotziak esan du ez dela agenterik larri zauritu: "Gertatu izan da ohikoa izaten dena, atxiloketak edo identifikazioak egoten diren liskarretan jazotzen dena".

Zinegotziak jakinarazi duenez, Bilboko Udaltzaingoak Herritarren Segurtasun Legeari lotutako 123 esku-hartze gauzatu ditu diskotekaren inguruan: horietatik 20 2017an egin zituen, beste 48 2018an, eta 55 2019an. Erasoengatik, liskarrengatik, agenteen aurkako atentatuengatik edo baimendutako edukiera gainditzeagatik gauzatu dituzte esku-hartzeak. Halaber, udaltzainek 16 aldiz neurtu zuten soinu-maila; 10etan emaitza positiboa izan zen eta baimendutako mailak gainditu ziren.

Garciak, bere aldetik, gogorarazi du Ilunion Hotelak, "azken asteburuan soilik, bezeroen 13 kexa" jaso dituela: "Zarata ez ezik, polizien aurkako erasoak, 'botilioiak' eta koma etilikoak ere badira; diskoteka horrek sortzen duen dena arazo oso larriak dira, eta ez dago itxaroterik ezbehar bat gertatu arte, beste kasu batzuetan bezala, ixteko, hainbat aldiz urratu baitu legea".

Proba judiziala

Alvaro Perez Ingurumen zinegotziak, halaber, aurreratu du laster egingo dela proba judizial bat, zehazteko nolako zarata antzematen den hoteleko 107. gelan. Hori neurtuta, berak zuzendutako sailak zehaztuko du "zarataren gaineko egungo araudia berdin ezarri behar ote zaion hotel bati zein etxebizitza bati, eta onartutako mailak berdinak ote diren edo berdinak izan behar ote diren"; horixe eskatu omen dute dantzalekuko arduradunek.

Epaia Udalaren interesen aldekoa izanez gero, zinegotziak uste du gainerako epaiak ere "norabide horretatik bertatik" joango liratekeela, eta, hortaz, espediente guztiek egingo luketela aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko albisteak Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak