Itxi

2020/02/06

23:58

Gizartea

BIZKAIA

AP-8a itxi dute Zaldibarren, luizi batengatik, eta bi langile desagertuta daude

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Autobide ondoko mendi-magalean dagoen zabortegi bateko bi langile dira desagertutako lagunak. AP-8 autobidea erabat itxi dute.

  • Zaldibarreko lur-jausia, airetik ikusita.

    Zaldibarreko lur-jausia, airetik ikusita. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Luizi handia izan da arratsalde honetan AP-8 autobidean, Zaldibar parean, eta bi pertsona desagertu dira, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Halaber, autobidea itxita dago bi noranzkoetan.

Mendi-magalean zegoen zabortegi bateko langileak dira desagertuta dauden bi lagunak. Suhiltzaileak eta Ertzaintzako erreskate taldeak haien bila ari dira.  

Ezbeharra 16:00ak inguruan gertatu da. Harrezkero autobidea itxita dago; ostiral goizean irekiko dutela aurreikusi dute. Ermuko saihesbidea ere itxi behar izan dute luiziaren ondorioz, eta inguruan dauden bi baserri jendez hustu dituzte, badaezpada.

Luiziak tonaka zuhaitz eta harri eraman ditu aurretik, baina azpian ez du ibilgailurik harrapatu. Tamalez, laster jakinarazi dute mendi-magalean dagoen zabortegiko bi langile desagertuta daudela.

Ertzaintzaren erreskate taldeko txakurrek arrastoren bat antzeman dute eta ingurune horretan ari dira bi lagunen bila.

Ekipo elektrogenoak eraman dituzte, gauean bilaketa-lanekin jarraitzeko. Ildo berean, makinak bertaratu dituzte errepidea garbitzeko.   

Errepidea garbitzeko lanak

Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez, 3.000-4.000 metro kubiko materia bizigabe erori dira autobidera. Luiziak lau metroko altuera dauka eta errepidearen 35 metro estali ditu.

Ezbeharraren tokira suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuetako langileak bertaratu dira. Gainera, Ertzaintzak mendiko taldea, helikoptero bat eta droneak bidali ditu hara.

Bestalde, luiziak hainbat dorre elektriko bota ditu eta, ondorioz, 6.400 bezero argindarrik gabe geratu dira. Iberdrolak zehaztu duenez, 10 minututan lortu dute zerbitzua ia erabat berrezartzea.

Luiziak AP-8 autobidea bi noranzkoetan ixtea eragin du eta ilara luzeak sortu dira. Ertzaintzak inguruko errepideetatik bideratu du zirkulazioa.

Foru Aldundiak azaldu duenez, arratsaldeko azken orduan hasi dira errepidea garbitzeko lanak. Ostiral goizerako garbituta egotea da asmoa, "by-pass" bat jarri eta zirkulazioa tarteka ahalbidetzeko.      

25 behargin, sei makina hondeatzaile eta hamaika kamioi ari dira garbiketa lanetan.

BIDEOA | Ertzaintza: "Zabortegian usain asko daude eta txakurrek zaila dute"

BIDEOA | Ertzaintza lur-jausiak harrapatutako bi pertsonaren bila ari da

BIDEOA | AP-8 autobidea itxi dute Zaldibarren izandako luiziagatik

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;