Gizartea -
Gipuzkoa
20 bat pertsona artatu dituzte Irunen, sute batean kea arnasteagatik
Bederatzi lagun ospitalera eraman dituzte. Sua 23:00ak aldera piztu da, Pio Baroja kalean, zazpi solairu eta 35 etxebizitza dituen eraikin batean.
Agentziak | Erredakzioa
20 bat pertsona artatu dituzte bart Irunen, etxebizitza batean sutea piztu eta kea arnastu ondoren. Horietako bederatzi ospitalera eraman dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Sua 23:00ak aldera piztu da, Pio Baroja kalean, zazpi solairu eta 35 etxebizitza dituen eraikin batean.
Testuinguru horretan, suteak eragindako kea arnastu duten 20 bat pertsona artatu dituzte, eta horietako bederatzi Donostia Ospitalera eta Bidasoako Eskualde Ospitalera eraman dituzte. Kea arnastu dutenen artean, bi ertzain daude.
Sua eraikin horren seigarren solairuan piztu da, baina bosgarren, seigarren eta zazpigarren solairuetako etxebizitzak hustu behar izan dituzte, ke ugari sortu baita. Hainbat bizilagun etxera itzuli ahal izan dira, baina beste batzuei ostatu eman diete.
23:50 aldera itzali dute suhiltzaileek sua, baina kalte larriak utzi ditu sutea piztu den etxebizitzan, Gipuzkoako Suhiltzaileek azaldu dutenez.