Gizartea -

TXERTAKETA KANPAINA

Osakidetzak meningitisaren aurkako ezohiko kanpaina hasi du

2001 eta 2007 bitartean jaiotako eta aurretik C meningokokoaren aurkako txertoa jarri zuten gazteei zuzenduta dago.

Txertoa ipintzeko kanpainaren lehenengo fasea otsailean hasiko da. Argazkia: EiTB.
Txertoa ipintzeko kanpainaren lehenengo fasea otsailean hasiko da.
Txertoa ipintzeko kanpainaren lehenengo fasea otsailean hasiko da. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ACWY meningokokoaren aurkako txertoa jartzeko ezohiko kanpaina hasi dute, eta 2001 eta 2007 bitartean jaio ziren eta aurretik C meningokokoaren aurkako txertoa jarrita duten gazteei zuzenduta dago. Oraingo txertoak serotipo gehiago (AWY) hartzen ditu, eta horrela, meningitisari aurre egiteko babesa areagotuko du.

Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazi dutenez, txertoa jartzeko prozesua hainbat fasetan egingo da, ikasturte honetan eta hurrengo bietan. Lehen fasea 2020ko otsailean hasiko da, eta 2001, 2002 eta 2004an jaiotako gazteei jarriko diete txertoa; 2020-2021 ikasturtean, 2003an eta 2005ean jaiotakoei, eta 2021-2022 ikasturtean, berriz, 2006an eta 2007an jaiotakoei.

Beraz, lehenengo fasean, 2020an 16, 18 edo 19 urte beteko dituzten gazteei jarriko zaie txertoa. Ikasketa ofizialak egiten ari diren gazteei ikastetxeetan jarriko diete, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Lanbide Heziketako institutuetan eta unibertsitateetan. Gainerakoek Osakidetzaren osasun zentroetara joan beharko dute txertoa eskatzera.

Europan zein Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan meningitis gaixotasun meningokozikoaren epidemiologian aldaketak eman direla hauteman ostean hartu dute erabaki hori Osasun Sailak eta Osakidetzak, W eta Y serotipoek eragindako kasuek pixkanaka gora egin baitute.

Horren aurrean, Euskadin, Txertoaren Aholku Batzordearen gomendioei jarraituz, iaz erabaki zen haurren txertoen egutegia aldatzea, eta 2019ko urrian, ikasturtea hastearekin batera, 12 urteko haurrei C meningokokoari aurre egiteko jartzen zaien txertoaren ordez, A, C, W eta Y meningokokoei aurre egiteko txerto tetrabalentea jartzen hasi zaie.

Neurri berriak kanpoan uzten zituen adin horretatik gorako gazteak, baina immunizatuta zeudela uste zen, eta horregatik jarri dute abian ezohiko txertaketa kanpaina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Txertoak