Gizartea -

Aita Mari

'Aita Mari' ontziak beste 60 lagun erreskatatu ditu Mediterraneoan

Igandean ere 93 lagun salbatu zituen. Ontzia portu seguru baten bila ari da orain.

Portu seguru baten esleipenaren zain dago, 153 pertsona lehorreratzeko. Argazkia: SMH.
Portu seguru baten esleipenaren zain dago,laguntza jaso duten 153 pertsonak lehorreratzeko.
Portu seguru baten esleipenaren zain dago, 153 pertsona lehorreratzeko. Argazkia: SMH.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aita Mari euskal atun-ontzia erreskate ontzi bihurtu da, eta gaur egurrezko ontzi batean Mediterraneoan noraezean zebiltzan beste 60 lagun erreskatatu ditu.

Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeko iturriek baieztatu dutenez, igandean beste 93 lagun salbatu zituen.

GKEaren hitzetan, astelehen honetan laguntza jaso duten 60 lagunak noraezean zebiltzan nazioarteko uretan, eta arratsaldean itsasoak okerrera egitea eragingo duen fronte batean murgilduta daude.

Orain, atun-ontzia portu seguru baten esleipenaren zain dago, orain arte laguntza jaso duten 153 lagunak lehorreratzeko; horien artean, adingabe ugari eta gutxienez hiru emakume haurdun daude.

SMHk ohar batean azpimarratu duenez, "portu seguru eta hurbil bakarrak italiarrak eta maltarrak dira"; izan ere, "Europar Batasunaren arabera, Libia ez da leku segurua".

"Nazioarteko legedia betez, Aita Mariko kapitainak ahalik eta distantzia txikiena nabigatzeko eskubidea" duela adierazi du.

Gobernuz kanpoko erakunde horrek ohartarazi duenez, "Mediterraneoa munduko mugarik txarrena da migratzaileentzat"; izan ere, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen (OIM) datuen arabera, 2019an 1.885 lagun hil ziren itsasoa zeharkatzen zeudela.

Europako agintariak "zonalde honetan salbamendu dispositibo bat manten dezan" eskatu du SMHk.

"Ezin dute erantzukizun hori Libiako herrialdearen esku utzi. Frogatuta geratu da herrialde horrek ez duela kostazainen kidego bat kudeatzeko gaitasunik, ezta erreskate operazioei eskatutako estandarrei erantzuteko ahalmenik ere", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak azken ordukoa Eskubide unibertsalak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Aita Mariren azken ordukoa Mediterraneo itsasoa