Gizartea -

Tolosako Inauteriak

Tolosako Inauterien txupinazoa Kabi Alai Kuttunak botako du

Otsailaren 20tik 25era ospatuko dira eta 80 karroza zein 1.400 haur baino gehiago parte hartuko dute.

Tolosako inauteriak 24 orduz jarraitu ahal izango dira Udalaren webgunean. Argazkia: EiTB.
Tolosako inauteriak 24 orduz jarraitu ahal izango dira Udalaren webgunean.
Tolosako inauteriak 24 orduz jarraitu ahal izango dira Udalaren webgunean. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kabi Alai Kuttunak botako du aurten Tolosako Inauterietako txupinazoa. Otsailaren 20a eta 25a bitartean ospatuko dira, eta 80 karrozak zein 1.400 haur baino gehiagok parte hartuko dute. Berazubiko danborradak eta Pintxana txarangak 25. eta 80. urteurrena ospatuko dute, hurrenez hurren.

2020ko inauteriak aurkezteko ekitaldian, Olatz Peon alkateak azaldu duenez, beste behin ere, "berdintasunaren, alkoholaren kontsumo arduratsuaren, garbitasunaren eta zarataren arloan prebentzioa eta herritarren sentsibilizazioa landuko da".

"Umorea, alaitasuna, koloreak dira Tolosako inauterien ezaugarri nagusiak; aurten ere, errespetua mantentzea eta elkarbizitza egokia espero da, guztiok jaiez gozatzeko aukera izan dezagun", nabarmendu du Peonek.

Tolosako inauteriak 24 orduz jarraitu ahal izango dira Udalaren webgunean eta kalean dauden paneletan. Zezenak zuzenean emango dituzte egunero, baita Ostegun Gizeneko txupinazoa, larunbateko danborrada, diana eta astearteko txarangen bilera.

Alkateak Pintxana txarangaren 80.urteurrena eta Berazubi danborradaren 25.a nabarmendu ditu. Udaberri Dantza Taldeak Euskal Herriko inauteri ezberdinen inguruko ikuskizun berria ('Gaur Txantxo naiz') eskainiko du ostiralean, otsailaren 14an, 20:30ean, Tingladon; kaldereroek inauterien etorrera iragarriko dute larunbatean, eta Musika Bandak eta Txistularien Bandak inauterietako kontzertua eskainiko dute igandean Berdura plazan.

Aurretik, ostegun eguerdian, Kabi-Alai Kuttunak txupinazoa botako du. Alkateak Ostiral Meheko Arpegi taldearen jaialdia eta larunbateko danborradak nabarmendu ditu, baita kaleak girotzeko egunero ateratzen diren txarangak ere.

Igandetik asteartera, 80 karroza eta konpartsa atera, eta 1.400 haurrek baino gehiagok dantzatuko dute Tolosako kaleetan. Alkateak azken urteetan prebentzio arloan "sakon" lan egin dela esan du, "bereziki adingabeen alkohol-kontsumoaren eta indarkeria sexistaren kontra".

"Inauterien aurretik eta baita inauteri egunetan ere, prebentzio eta esku-hartze kanpainak egingo dira, berdintasunaren, zarataren, garbitasunaren eta alkohol kontsumoaren inguruko sentsibilizazio bideoak zabalduz", adierazi du. Gainera, '#LIBRENonahi' lelopean, kanpaina berezia egingo dutela iragarri du.

"Emakumeentzako kalkomaniak sortu dira, eta gizonei zuzendutako Joka Sano pegatinak banatuko dira", azpimarratu du. Gainera, gazteen artean alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko asmoz, 'Ez dago ezer puntutik komara' leloa sortu dute. Gipuzkoako DBH eta Batxilergoko ikasleen gurasoei gutun bat bidali zaie, gazteekin hainbat prestakuntza-saio egin dira eta kaldereroetan gazte-lokal batzuk bisitatuko dira informazioa helarazteko.

Bestalde, inauteri egunetan AI Laket eta Inmaculada zentroko Gizarteratzeko ikasleak kalean ibiliko dira gai horien inguruan kontzientzia sortzen. Era berean, igande horretan Testing karpa jarriko dute 00:00etatik 03:00etara Euskal Herria plazan. Bestetik, tabernei, dendei eta Txosna Batzordeari ere dei egin diete 18 urtetik beherako gazteei alkoholdun edaririk ez saltzeko.

Hondakinen prebentzioari dagokionez, "guztion ardura da Tolosa garbi mantentzea, eta inauterietan ere birziklatu, berrerabili eta hondakin gutxiago sortu behar dira", gogoratu du Peonek. Azkenik, berdintasuna bultzatzeko lan handiena egin duen karroza sarituko dutela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Tolosa Inauteriak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak