Gizartea -

Iruzkina

Hiltzeko eskubidea

Alemaniako Konstituzio Auzitegiak aste honetan hartu duen erabakiaren ondorioz, orain arte legez zigortuta zegoen lagundutako eutanasia ez da delitua izango.

Juanjo Sanmiguel

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Konstituzio Auzitegiak aste honetan hartu duen erabakiaren ondorioz, orain arte legez zigortuta zegoen lagundutako eutanasia ez da delitua izango hemendik aurrera. Erabakia adierazgarria da, eta ziur aski eragina izango du Europa osora zabaldu den eutanasiari buruzko eztabaidan.

Baina erabakia bezain garrantzitsua da epaileek adierazitakoa, gizaki orok eskubidea duela noiz eta nola hil nahi duen erabakitzeko. Aitorpen horretan dago auzi honen gakoa, onartzen baitu gizabanakoa dela bere bizitzaren jabe eta erabateko eskumena duela berari dagozkion erabaki sakonenak eta garrantzitsuenak hartzeko.

Eutanasiari buruzko eztabaida aspaldikoa da. Historiaren une bakoitzean garaiko pentsaerak eta aurreiritziek baldintzatu dituzte gizartearen joera eta legeak. Greziarren garaian zilegi zen, onartuta zegoen, hil nahi zuenak, bizitza jasanezina bihurtu zitzaiola uste zuenak, lasai eta era egokian hiltzeko eskubidea zuela. Orain dela 2.500 urte bizi izan zen Hipocrates sendagileak uste zuen, aldiz, medikuaren eginkizuna gaixoaren bizia salbatzea dela, inolaz ez amaiera erraztea. Eta bi irizpide hauen artean garatu da heriotza duinari buruzko eztabaida.

Edozein lege erdiestea zaila da, arau orokorrak gizabanakoaren baldintza zehatzak epaitu behar dituelako, guztiak ezberdinak direla jakinda. Arazoa latzagoa da hil edo biziko arazoez ari bagara. Eutanasia legeztatzea beti izan da zaila, aukerak eta moduak ondo zehazten ez badira, legeak bidea eman lezakeelako traba egiten duen jendea zuzenean hiltzeko.

Alemaniako Konstituzio Auzitegiaren adierazpenak bi alde ditu, nahi dugun moduan hiltzeko dugun eskubidea onartzen du; baina, era berean, garbi utzita nahi ez duena ezin dela horretara behartu. Eskubideek pertsona babestea dute helburu nagusi, ezin dira erabili beste batenak urratzeko; baina, era berean, baten baten sinesmenak edo "erlijio-egiek" ezin dute gizarte osoaren bizimodua baldintzatu eta zilegi diren bideak itxi. Gizakiok ezin dugu noiz, non eta nola jaiotzen garen erabaki, baina gure ibilbidearen pauso nagusiek gure esku egon beharko lukete.

Bizitzak zentzurik ez duela, merezi ez duela edo sufrikario jasan ezina bilakatu zaigula uste badugu, aukera bakarrak ez luke izan behar zazpigarren pisutik salto egin edo norberaren burua trenera botatzea. Eutanasia legeak akordio zabalak behar ditu, baina beti ere eskubidean eta ez sinesmenean oinarrituta, behar duenak tresna egokiak edo hurbileko laguntza izan dezan, bizitza honetako azken ekintza delitu bihurtu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Juanjo san Miguel Eguneko albisteak Albisteak