Itxi

2020/02/29

18:08

Gizartea

Koronabirusa

Lau dira jada Euskal Herrian baieztatutako koronabirus kasuak; bat larri dago

EITB.EUS

Araban bi kasu, Gipuzkoan bat eta Nafarroan beste bat baieztatu dituzte Osasun agintariek. EAEko gaixoak onik daude, baina Nafarroakoa larri dago Zaintza Berezien Unitatean.

  • Nafarroako Ospitalearen artxiboko irudia.

    Nafarroako Ospitalearen artxiboko irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Jada lau dira Euskal Herrian positibo ema duten koronabirus kasuak. Goizean hiru kutsatu baieztatu ditu Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko buruak Euskal Autonomia Erkidegoan eta arratsaldean kasu baten berri eman du Nafarroako Gobernuak.

39 urteko emakume bat da azken hori eta larri dago Nafarroako ospitaleko Zaintza Berezien Unitatean. Protokolo guztiak ezarri zaizkiola zabaldu dute Gobernuko iturriek.

Nafarroako pazienteak urteak daramatza Iruñean, eta aldez aurretik ez zuen  inolako gaixotasunik, ondorioz, koronabirusa "hain azkar eta bortitz" garatzeko arriskurik ez zuen printzipioz, baina arnas infekzioarekin joan zen Nafarroako ospitalera ostiralean.

Alfredo Martinez osasun zentroko gerenteak azaldu duenez, Zaintza Berezien Unitatean "larri" dago emakumea. Atzo bertan Belgikatik itzuli zen, arriskurik gabeko zonaldea. Horregatik, balizko COVID19 kasua ezin zitekeela izan ondorioztatu zuten medikuek.

Hala ere, pneumonia sintoma larriak ikusita, ospitaleak koronabirus protokoloa aplikatu zion badaezpada, eta larrialdietan isolatu zuten, ondoren ZIUn gauza bera eginez.

Goizean, berriz, EAEn COVID-19 gaitzaren lehen bi kasu atzeman eta biharamunean, hirugarrena baieztatu du Nekane Murga Osasun Sailburuak, hedabideen aurrean egin duen agerraldian. Milanera bidaia egin zuen emakume gipuzkoarra eta Txagorritxu ospitaleko mediku arabar bat dira lehen bi kutsatuak; eta hirugarren positiboa azken horrekin lan egiten duen mediku batek eman du.

Osasun Sailak herritarrei gogorarazi die, edozein susmo izanez gero, etxean egon behar dutela eta 900 20 30 50 zenbakira deitu behar dutela.

Murgak prentsaurrekoan zehaztu duenez, hiru gaixoekin harremana izan duten "110 kontaktu zaintzen" ari dira, horietako batzuk Txagorritxu ospitaleko langileak. Zazpi pertsona daude ingresatuta, horietako bost gaitzaren sintomekin. Gainontzeko guztiak etxean ari dira zaintzen.

Txema Arteagoitia Osasun Departamentuaren Zaintza eta Txerto arduradunarekin batera emandako prentsaurrekoan, "lasaitasunerako" mezua helarazi die herritarrei Murgak. "Protokoloa martxan dugu, eta gaixotasunaren transmisioa geldiarazteko plana ere abian da. Badakigu lana nola egin behar dugun. Prestatuta gaude, aspalditik", esan du. Osakidetzak emandako gomendioak aintzat hartzeko eskatu du sailburuak.

Arabako lehen kasua otsailaren 13tik 17ra Andaluzian izan zen mediku batena da. Itzultzean, 17an, sintoma arinak izan zituen eta lanean jarraitu zuen, probetan negatibo eman baitzuen. Orain, positibo eman ostean, etxean dago, eta harekin "harremana" izan duten 58 pertsona ari da zaintzen Osasun Saila. Seik sintomak zituzten eta batek positibo eman zuen atzo gauean, ospitale bereko beste mediku batek, hain zuzen ere. Koarentenan jarri dute hori ere, bere etxean, eta harekin harremana izan duten 44 pertsona zaintzapean jarri dituzte.

Gipuzkoako kasuaotsailaren 18 eta 22 artean Milanen izan zen neska gazte batena da. Otsailaren 25ean izan zituen lehen sintomak eta 26an Osasun Zerbitzuekin jarri zen harremanetan. Bi egun itxaron zituzten "negatibo faltsuak" ekiditeko, eta, ondoren, positibo eman zuen. Etxean ari da tratamendua jarraitzen eta gertuko 8 pertsona zaintzapean jarri dituzte.

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Osasun Ministerioa eta Andaluziako Gobernuaren Osasun Departamentua ohartarazi ditu, mediku arabarraren kasua dela-eta, eta harekin Andaluziara hegazkinez bidaiatu zuten pertsonekin kontaktuan jarri dira, nahiz eta ziurtatuta ez egon bidaia horretan kutsatu zen edo ez.

Murga sailburuak esan du litekeela dela kasu kopuruak gora egitea hurrengo egunetan, hiru kutsatuak bi astez "detektatu gabe" egon baitira, baina "lasaitasunerako deia" egin du, "ez baita gaixotasun larria".

Euskal Herriko lehen bi kasuak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo arratsaldean jakitera eman zuenez, koronabirus bidezko infekzioan positibo eman zuten bi pertsonak, lehen aldiz, EAEn: batek Gipuzkoan eta besteak Araban. Haien osasun egoera ona da, eta isolatuta daude.

Osasun Sailak eta Osakidetzak erne jarraitzen dute, eta gaixotasunak nazioartean duen bilakaeraren jarraipena egiten dute.

Euskadik jarduteko protokolo zehatz bat du, adituen gomendioen arabera eguneratzen dena, eta gaixotasun horri aurre egiteko funtsezko neurriak jasotzen ditu: kasuaren definizioa, jakinarazpena, kontaktuen azterketa, isolamendu-neurriak, erreferentziazko ospitaleak, gaixoak lekualdatzea, laborategietan analisiak egitea eta osasun-arloko profesionalak babesteko neurriak.

Herritarren eskura jarri da informazio guztia ohiko bideen bidez, osasun-zentroetan, ospitaleetan eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren zein Osakidetzaren webguneetan.

Gomendio nagusia ondorengoa da: etxean geratu behar dira arnas infekzioaren sintomak (eztula edo eztarriko mina, esaterako) dituzten pertsonak eta orain dela gutxi arrisku eremu batera bidaiatu dutenak, eta Osakidetzako Osasun Kontseiluaren telefonora deitu (900 20 30 50) behar dute.

Hauek dira arrisku eremutzat hartzen diren herrialdeak: Txina, Hego Korea, Japonia, Singapur, Iran edo Italia (Lombardia, Veneto, Emilia-Romaña eta Piamonte eskualdeak).

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dutenez, neurri sinple batzuk hartzea lagungarria izan daiteke koronabirusari aurre egiteko: eskuak urez eta xaboiz garbitzea; eztul edo doministiku egitean ahoa eta sudurra eskuarekin ondo estaltzea; ahal dela, botatzeko zapiak erabiltzea, mukiak kendu eta erabili bezain laster zakarrontzira botaz.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;