Gizartea -
HONDAKINEN KUDEAKETA
EAEn birziklatzeko bildutako arropa Nafarroan legez kanpo bota dutela salatu dute
Gurelur talde ekologistak jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan birziklatzeko asmoz bildutako hainbat arropa tona Ziordian bota ditu enpresa batek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gurelur talde ekologistak salatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek birziklatzeko asmoz emandako hainbat arropa tona legez kanpo bota dituzte Ziordian.
Herritarrek birziklatzeko eta berrerabiltzeko sailkatutako arropa mota ezberdinak aurkitu dituzte bertan: oinetakoak, kalerako nahiz kirola egiteko arropak, izarak…
Gurelur elkartearen iritzian, gertakari honen erantzulea birziklatzeko arroparen kudeaketaz arduratzen den enpresa gipuzkoar bat da. Konpainia horrek jarrera "mafioso" duela erantsi du, lan hori egiteagatik irabazi handiak lortzen dituelako.
Ziordiko Udalak horren ardurarik ez duela esan du kolektiboak, eta Nafarroako Gobernuari hondakinak lehenbailehen erretiratzeko eta enpresa arduradunari administrazio- eta lege-erantzukizunak exijitzeko eskatu dio.
Azkenaldian inguru horretan pilatutako hondakinen eta erabilitako arroparen ondorioz, Ziordia da Nafarroako zonalde kutsatuena, Gurelurrek ohartarazi duenez.