Gizartea -
SARIA
Astelehen Lilak elkarteak Berdinna 2020 saria jaso du
Astelehen Lilak elkarteak borroka feministan izan duen ibilbidea nabarmendu nahi izan du Nafarroako Gobernuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Astelehen Lilak elkarte feministak Berdinna 2020 saria jaso du berdintasunaren alde eta genero indarkeriaren aurka egindako borrokagatik. Emakumeei laguntza juridikoa eman, psikologoak eskaini eta indarkeria matxista eta horren ondorioei ikusgaitasuna emateko lan egiten duen elkarteak Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren eskutik jaso du golardoa.
Nafarroako Jauregiko areto nagusian egin dute ekitaldia asteazken honetan. Han izan dira, besteak beste, Parlamentuko presidentea, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Nafarroako Arartekoa eta talde parlamentario guztietako ordezkariak.
Mari Carmen Echevarria Astelehen Lilakeko presidenteak hartu du saria. Elkarteak izan duen ibilbidea kontuan hartuta, merezitako saria dela adierazi du eta, ildo horretan, kolektibo hori bultzatu zuen Tere Saezen lana nabarmendu du. "Gure bizitzak aldatu ditu", erantsi du.
Astelehen Lilak elkarteak borroka feministari egindako ekarpena eskertu du Maria Chivitek eta 2007an egindako lehenengo kontzentrazioak eta azken urteetan berdintasunerako lege eta politika publikoetan eta jai eremuetako eraso sexisten aurkako planetan eta kanpainetan elkarteak egindako ekarpena aipatu ditu.
Indarkeria matxistarekin bukatzeko mezua igorri dio Chivitek Nafarroako gizarteari, eta eragile sozialen eta erakundeen arteko kooperazioa aldarrikatu du. Era berean, ikasgeletan elkarrekin hezteko beharra azpimarratu du, eta Nafarroako Gobernuak "Skolae programa diru publikoarekin bultzatutako zentro guztietara hedatuko du", gaineratu du.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordea eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publikoa eta Barne kontseilariak "azaroaren 25etik haratago ikusgarritasuna bilatzen zuten bizirik irtendako emakumeen" eskutik jaiotako elkarte feministaren ibilbidea nabarmendu du. Ahalduntzeko eta berdintasuna lortzeko lanekin batera, taldeak informatzeko, sentsibilizatzeko eta legegintzan berdintasuna lortzeko egindako "lan baliotsua" goraipatu du.