Gizartea -

Krisi humanitarioa

EBk Greziaren alde egin du migratzaileen etorrera geratzeko ahaleginean

Adierazpen bateratuan jaso dutenez, "ez lirateke migratzaileak euren bizitza arriskuan jartzera animatu behar", legez kanpo erabilitako bideen bidez Europara iristeko ahaleginean.

Turkiaren eta Greziaren arteko mugan dauden migratzaileak. Argazkia: EFE
 Turkiaren eta Greziaren arteko mugan dauden migratzaileak
Turkiaren eta Greziaren arteko mugan dauden migratzaileak. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak "ez du onartuko" Turkiaren eta Greziaren arteko mugan dauden migratzaileak eta errefuxiatuak herrialdera legez kanpo sartzea, eta hori eragozteko "beharrezko neurri guztiak" hartuko ditu, Europar Batasuneko Barne ministroek Bruselan egindako ezohiko bileran adostu dutenez. Zehazki, Turkiak migrazio-fluxua bertan behera uztea erabaki ostean hartu dute erabakia.

Adierazpen bateratuaren arabera, "Europako eta nazioarteko zuzenbidearen arabera" hartuko dira neurri horiek Turkiaren eta Greziaren arteko mugan, Atenasek mugan dauden errefuxiatuei asiloa eskatzeko duten oinarrizko eskubidea hilabetez eten ostean.

Errefuxiatuei babesa ukatuta, herrialdea nazioarteko zuzenbidea urratzen ari dela uste ote duen erantzutea saihestu du Bruselak igandetik, baina atzo egindako bileraren ostean, Greziako agintariek adierazpen bateratuaren konpromisoari eustea espero duela adierazi du.

Adierazpen bateratuan jaso dutenez, "ez lirateke migratzaileak euren bizitza arriskuan jartzera animatu behar", lurrez zein itsasoz legez kanpo erabilitako bideen bidez Europara iristeko ahaleginean. Ildo horretatik, Turkiari eta eskualdean lanean ari diren erakundeei mezu hori zabaltzeko eskatu die, "informazio faltsuaren hedapenarekin amaitzeko".

Horrez gain, hiru orduko bileran ministroek adostu dutenez, "pertsonen trafikoari aurre egiteko irmo borrokatzen jarraituko du EBk". Ildo horretatik, hurrengo bilera martxoaren 13an egingo dute EBko Barne ministroek, Bruselan.

Testuinguru horretan, Bruselak 350 milioi euro bideratu ditu Atenasi laguntzeko, eta aurrerago beste horrenbeste emango dio. Europar Batzordeak, halaber, Turkiaren eta Greziaren arteko mugara ehun agente inguru bidaliko dituela iragarri du, segurtasuna indartzeko asmoz.

Luxenburgo eta Finlandia izan dira Grezian bakarrik dauden adingabe batzuk hartzeko eskaintza formala egin duten bi estatu kide bakarrak, eta beste estatu kide batzuk laguntzeko prest agertu dira, komisarioak esan duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europar Batasuna Migrazioa Europa Espainia Gizartea Grezia Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Turkia Errefuxiatuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak