Gizartea -

Migrazioa

EBren "migrazio-politika arrazistak" salatu dituzte elkarretaratze batean, Irunen

"Europak hil egiten du eta kiratsa dario" lemapean egin dute Harrera Sareak eta Iparraldeko CIMADEk deitutako mobilizazioa.

Irunen izandako elkarretaratzearen irudia. Argazkia: EiTB
Irunen izandako elkarretaratzearen irudia
Irunen izandako elkarretaratzearen irudia. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

100 bat lagunek parte hartu dute larunbat eguerdi honetan Irunen Europar Batasunaren "migrazio-politika arrazisten" aurka Irungo Harrera Sareak eta Iparraldeko CIMADEk deitutako elkarretaratzean. San Juan plazan bildu dira, "Europak hil egiten du eta kiratsa dario" leloa zeramatzan pankartarekin. Pertsona migratzaileei Europar Batasunak "gerra deklaratu izana" salatu dute elkarretaratzearen antolatzaileek.

"Europa eta horren Estatuak, babesa eta laguntza ukatzeaz gain, egoera ahulean dauden pertsonen bizitzak hondatzen ari dira", deitoratu dute. Gainera, "Europako Estatuek migratzaileei eraso egin diete" mugetan, eta "laguntza humanitarioa behar duten pertsonak etsaitzat hartuak izaten ari dira".

Horrekin batera, "politika arrazistak eta hiltzaileak" salatu dituzte, "kobazuloetatik faxistak irtenarazten baitituzte". "Aktiboa eta nazioz gaindiko arrazismoaren aurkako jarrera behar dugu", amaitu dute. Amaitzeko, "libre mugitzeko eta bizitzeko lekua erabakitzeko guztion askatasuna" aldarrikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Manifestazioak Errefuxiatuak