Gizartea -
TRAFIKO ISTRIPUA
Nafar bat atxilotu dute Errioxan gazte baten heriotza eragin zuen istripuagatik
Istripua abenduaren 17an gertatu zen N-232 errepidean, gauez. Atxilotutako gizonak droga kontrolean positibo eman zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak 39 urteko nafar atxilotu du Errioxan arduragabekeriazko homizidio delitua egotzita. Drogak hartu ostean gidatzen zihoala, istripu bat eragin zuen eta ezbeharrean 32 urteko gizon bat hil zen.
Istripua 2019ko abenduaren 17an gertatu zen, 05:35 aldera, N-232 errepidean, Errioxako Ausejo herriaren parean. Atxilotuak gidatzen zuen ibilgailua beste erreira pasatu zen eta kontrako noranzkoan zetorren beste auto batekin talka egin zuen. Ibilgailu horrek alboko hesia jo zuen, bidetik atera eta irauli egin zen. Gidaria berehala hil zen.
Atxilotutako lagunak, droga kontrolean positibo eman zuen. Hortaz, arduragabekeriazko homizidioa leporatuta atxilotu eta epailearen esku utzi zuten.
Guardia Zibilak gogoratu du debekatuta dagoela drogak kontsumituta gidatzea eta istripu batean beste pertsona baten heriotza eragitekotan arduragabekeriazko homizidio delitua bezala epaituko dela, urte bat eta lau urte arteko kartzela zigorrarekin.