Gizartea -
1960 errekorra berdinduz
Euria izan dugu protagonista uztaileko 19 egunetan
Aurreko urteekin alderatuta, euri gehien egin duen uztaila izatera iritsi da, 1960ko errekorra berdinduz. Euri-jasak izango dira bihar arte behintzat. Ostegunetik aurrera eguraldiak hobera egingo du.
Erredakzioa
Aurtengo uztaileko 19 egunetan euria egin du; horrela, 1960ko errekorra berdindu du. Udazken giroa izango da nagusi udako aste honetako egun gehienetan.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur, asteartea, atertu egingo du zertxobait. Euri gutxi egingo du, eta barnealdeko zenbait lekutan gelditu egingo du egunaren bigarren partean. Haizea indarra galtzen joango da, baina kostaldean haize-bolada gogorrak espero dira oraindik, baita Ebro bailaran ere, arratsaldean. Tenperatura maximoak ez dira freskoak izango, gozoak baizik.
Asteazkenean tarteka eguzkia ikusiko dugu. Egunaren lehenengo partean hodeiak nagusituko dira, eta euri apur bat egingo du, kantauriar isurialdean bereziki. Eguerditik aurrera hodeiak gutxitu egingo dira; horrela, arratsaldean eguzkiaz gozatzeko aukera izango dugu. Tenperatura minimoak freskatu egingo dira; maximoek ez dute aldaketa handirik jasango eta atseginak izaten jarraituko dute.
Ostegunean, eguraldi ona izango da nagusi. Goizaldean, hodei hondarrak geratuko dira oraindik zeruan, baina gainontzeko orduetan, giro eguzkitsua edukiko dugu, arratsaldean batik bat. Tenperaturek ere lagundu egingo dute, atseginak izaten jarraituko baitute; barnealdeko maximoak 24 edo 25 ºC inguruan ibiliko dira.
Ikusi itzazu geure erabiltzaileek bidalitako argazkiak Eguraldiblogen.