Gizartea -

KORONABIRUSA

Kutsatze mailak goia jo ondoren, koronabirusa dutenen kopurua jaisten ari da Txinan

Orain, bertako Gobernuaren lehentasuna "inportazioen aurrean babestea" da, beste herrialde batzuetatik COVID-19 gaitza Txinan sar ez dadin.

Txinako ospitale bat. Artxiboko irudia.
Txinako ospitale bat. Artxiboko irudia.
Txinak koronabirusen gailurra gainditu duela iragarri du

0:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19 birusaren "kutsatze maila gorena" gainditu dute Txinan, eta orain, "gaixoen kopurua nabarmen ari da jaisten", herrialde horretako Osasun Batzorde Nazionalak  jakitera eman duenez.

"Kasu berrien kopurua jaisten ari da. Agerraldiaren maila gorena gainditu dugula uste dugu. Azken asteotako mailarik baxuenean dago transmisioen kopurua, baina, halere, ez dugu alerta jaitsiko. Kontrolerako eta prebentziorako neurriak indartzen jarraituko dugu", esan du Mi Feng Txinako Gobernuaren bozeramaileak.

Hedabideen aurrean egindako agerraldian Mik jakitera eman duenez, Wuhanen, gaixotasunaren epizentroan, "zortzi kasu berri bakarrik" atzeman dituzte azken orduotan.

Herrialde osoko "datu ofizialak" eman ditu ezagutzera Osasun Batzorde Nazionaleko ordezkariak. Horren arabera, herenegun, 24 kasu berri atzeman zituzten, eta atzo, 15.

Lehen kasuen berri izan eta datuak biltzen hasi zirenetik, denera 3.169 pertsona hil dira koronabirusak jota Asiako herrialdean, eta 80.793 herritar daude gaixorik, horietako asko larri.

Orain, "inportazioen aurrean babes neurriak hartzea" da Txinako agintarien lehentasuna, beste herrialde batzuetatik COVID-19 gaitza Txinan atzera bueltan sar ez dadin. Izan ere, Mik zehaztu duenez, beste toki batzuetatik Txinara bidaiatu berri duten 85 herritarrek dute gaitza, eta, agintariek ustez, "atzerrian kutsatu dira".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Asia Koronabirusa