Gizartea -

Koronabirusa

Apirilaren amaierarako koronabirusaren agerraldia kontrolpean izatea espero du Txinak

Izurritea Txinan zabaldu bazen ere, Zhong Nanshan pneumologoak ziurtatu du horrek ez duela esan nahi lehen kasua Asiako herrialde horretan jazo zenik.

Mediku bat Hong Kongeko ospitale batean. Artxiboko argazkia: EFE
Apirilaren amaierarako koronabirusaren agerraldia kontrolpean izatea espero du Txinak
Mediku bat Hong Kongeko ospitale batean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apirilaren amaierarako koronabirusaren agerraldia kontrolpean izatea espero du Txinak, herrialde horretako Osasun Batzordeko mediku adituen taldeko buru den Zhong Nanshan pneumologoak jakinarazi duenez.

"Birus horren hedapena apirilaren amaierarako izango dugu kontrolpean", esan du Zhongek Kanton hirian egindako prentsaurrekoan. Halaber, koronabirusak Wuhanen "agerraldi handia" izan zuen arren, hartutako prebentzio-neurriei esker ez da maila berean zabaldu inguruko beste hirietara, horren esanetan.

Arnas aparatuko gaixotasunetan aditua den medikuak azaldu duenez, otsailaren 15etik behera egin du Txinan antzeman dituzten kasuen kopuruak. "Hartutako prebentzio-neurriei esker eta Txinako Urte Berriko oporren osteko joan-etorriak bertan behera utzita, koronabirusak otsailaren erdialdean edo amaieran goia jo behar zuela esan genuen", gogora ekarri du pneumologoak.

Dagoeneko 2.744 pertsona hil dira Txinan, eta 78.497 kasu baieztatu dituzte, Txinako Osasun Batzordeak gauerdian emandako datuen arabera. "Gure taldeak birusak kutsatutako 70.000 kasu inguru aurreikusi zituen. Datu horiek nazioarteko hedabide bati jakinarazi genizkion, baina ez zituen aintzat hartu", esan du Zhongek.

Orain, Txinak herrialdeen arteko lankidetza hobetu eta bere esperientzia partekatu behar duela azaldu du herrialde horretako Osasun Batzordeko mediku adituen taldeko buruak, Hego Korean, Italian eta Iranen, besteak beste, azkar ugaritu baitira koronabirusak kutsatutako herritarren kasuak.  

Horrez gain, hasieran adituek birus horren epidemia Hubei probintziako Wuhan hirian sortu zela uste zuten arren, baliteke lehen kasua Txinatik kanpo gertatu izana.

"Gure lehen ondorioak atera genituenean, Txinan pentsatzen genuen bakarrik, eta ez beste herrialdeetan, baina hemendik kanpo ere hainbat kasu izan dira. Izurritea Txinan zabaldu bazen ere, horrek ez du esan nahi lehen kasua hemen jazo zenik", azaldu du.

Hubei probintzian, epidemia sortu zen tokian, 65.596 kasu baieztatu dira eta 2.641 pertsona hil dira; hala ere, alta eman dieten herritarren kopuruak gora egiten jarraitzen du egun batetik bestera (2.288 paziente sendatu dira azken orduotan).

Halaber, nazioarteko 30 bat herrialdetan COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitzaren kasuak atzeman dituzten arren, Txinan bizi dira kutsatu gehienak (% 95).

Koronabirus berriaren sintomak hotzeria baten sintomen antzekoak dira kasu askotan, baina gaixo batzuek sukarra, nekea, eztula edota arnasa hartzeko zailtasuna ere izan ditzakete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Europa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Iran Italia Osasun albisteak Hego Korea Medikuak Zientziaren hedapena Erizaintza Sendagaiak Asia Gripea Koronabirusa