Gizartea -

Koronabirusa

Espainiako Gobernuak onartutako neurri ekonomikoak eta sozialak

Pandemiaren eraginari aurre egitea helburu, hainbat neurri abiatu dituzte. Guztira, 200.000 milioi euro erabiliko dituzte, horretarako.

Espainiako Gobernuak ekonomia babestu nahi du, neurri hauekin. Argazkia: EFE.
Espainiako Gobernuak ekonomia babestu nahi du
Espainiako Gobernuak onartutako neurri sozial eta ekonomikoak

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren eraginari aurre egiteko, zenbait neurri sozial eta ekonomiko dituen dekretua onartu du Espainiako Gobernuak martxoaren 17an. Hain zuzen ere, 200.000 milioi euro erabiliko dituzte, ekoizpenari eta ekonomiari eusteko. Jarraian, neurri horiek zeintzuk diren zehaztuko dugu.

Ahulenak diren familientzako babes-neurriak

-Autonomia Erkidegoetako eta tokiko erakundeetako Gizarte Zerbitzuen oinarrizko prestazioak finantzatzeko, 600 milioi euro erabiliko dituzte. Arreta handiagoa izango dut adineko pertsonentzako, menpekotasuna duten pertsonentzako eta kolektibo ahulentzako osasun-laguntzak.

-600 milioi horietatik, 300 arrisku-funtsa espezifiko batean erabiliko dituzte. Asmoa izango da adinekoentzako, etxegabeentzako, adinekoen egoitzetan daudenentzako eta menpekotasuna duten pertsonentzako laguntza indartzea.

-Funtsa horretako gainerako 300 milioiak Udalen gastu-araua malgutzeko erabiliko dituzte. Hala, Udalek, superabita izatekotan, gizarte-arretako sailetan inbertitzeko erabili ahalko dute: menpekotasunean daudenei laguntzeko, gizarte-zerbitzuetan, eta koronabirusarekin lotutako gizarte motako edozein arazori aurre egiteko.

-Energia-hornidura, ur-hornidura eta telekomunikazioen zerbitzuak bermatzen dizkiete familia ahulenei.

-Zailtasunik gehien dituzten pertsonei etxebizitzarako eskubidea bermatze aldera, hipoteken ordainketan luzamendua ezarri dute, berebiziko ahultasunean dauden hipoteka-zordunentzat, diru-sarrerak murriztuta badituzte.

Langileentzako eta enpresentzako babes-neurriak

-Aldi baterako lan-erregulazio guztiak ezinbestez egindakoak balira bezala hartuko dituzte, eta azkar kudeatuko dituzte.

-Lan-erregulazio horiek kaltetutako langile guztiek eskubidea izango dute langabezia kobratzeko, nahiz eta horretarako eskatzen den gutxieneko kotizazio-epea ez bete.

-Prestazio hori jasotzen den epea ez da zenbatuko kontsumituta gisa (kontagailua zerotik hasiko da).

-Telelana bultzatuko dute; enpresei ordenagailuak erosteko diru-kopurua emango zaie.

-Langileek aukera izango dute lanaldia egokitu edo moldatzeko, euren gain dauden pertsonak zaintzeko; % 100eko murrizketa ere eskatu ahal da.

-Autonomoek malgutasunez eskatu ahal izango dute jarduera-etetearen prestazioa.

-Langabeziara doazen autonomoek ez dute kotizaziorik ordaindu beharko.

-Jarduera-eteteagatik ezohiko prestazioa ezarri dute, eta araua ez da ohikoarena bezalakoa. Autonomoak aldi baterako lan-erregulazioa eskatu ahalko du, eta, halaber, ezohiko prestazioa kobratzea eskatu ahalko du, jardueraren eteteagatik. Ez du kotizatu beharko, salbuespeneko egoera honek indarrean jarraitu bitartean.

-Mozkin espezifikoak ezarri dituzte langile finko-etenentzat, aldi baterakoentzat eta kooperatibistentzat; langabezian egoteagatik dituzten prestazioak kobratzea erraztuko zaie.

-Langabeziagatik jasotako prestazioek luzapena izango dute; horrela, enpleguko zerbitzu publikoko bulegoetara ez joateagatik, ez da eskubidea galduko.

-Sektore estrategikoetan dabiltzan espainiar enpresak blindatuko dituzte; izan ere, kotizazioan beherakada izan dute, eta baliteke Europar Batasunetik kanpoko konpainiaren batek erosi nahi izatea.

Koronabirusaren aurkako txerto bat ikertzeko babes-neurriak

-Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilurako eta Carlos III.a Osasun Instituturako 30 milioi zuzendu dizkiete, koronabirusaren kontrako txerto bat iker dezaten.

-Genetikoki aldatutako organismoekin egindako ikerketa bizkortuko dute, betiere epidemiari aurre egiteko erabilgarria dela egiaztatuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Espainiako Gobernua argazkiak Gaixotasunak argazkiak Pedro Sánchez bideoak Gizartea Ekonomia berriak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa