Gizartea -

Koronabirusa

Beste 4 pertsona hil dira koronabirusarekin EAEn, eta bat Nafarroan

EAEn 208 positibo berri atzeman dituzte, beraz, 973 dira guztira kutsatutakoak, eta 353 ospitalean daude.

Osasun zentroa Nafarroan. Argazkia: EiTB
Osasun zentroa Nafarroan.
Lau pertsona hil dira koronabirusarekin EAEn azken 24 ordutan

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herrian beste 5 pertsona hil dira koronabirusarekin azken 24 orduetan. Horietako 4 EAEn hil dira, eta dagoeneko 40 dira bertan hildakoak (27 Araban, 8 Bizkaian, 5 Gipuzkoan).

Horren harira, EAEn 208 positibo berri atzeman dituzte, eta guztira 973 dira kutsatutakoak. Kutsatuen artean, 353 daude ospitalean.

Kutsatu gehien Araban daude, 545 hain zuzen ere, eta horietatik 196 ospitaleratu dituzte.

Bizkaian 297 dira positiboak, eta horietako ia erdiak, 118, daude ospitalean.

Gipuzkoan daude gaixo gutxien: 131, tartean 39 ospitaleratu.

Kontrako aldean, COVID-19a zuten 14 pertsona sendatu dira, eta EAEn % 4,1eko da hilkortasun tasa, Madrilgo Erkidegoko % 7kotik dezente beherago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohartarazi du koronabirusaren kutsatzearen zabalkundeak eragindako egoera larria dela eta "intentsitate gorena iristeke" dagoela Euskal Autonomia Erkidegoan. Hori horrela, "ezarritako neurriak zorrotz betetzeko" eskatu die herritarrei.

Covid-19 birusaren bilakaera eguneratzeko agerraldian egin ditu adierazpenak Miguel Sanchez Fernandez Osasun Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazioko zuzendariak.

Sanchezen iritziz, datuek erakusten dute egoera larria dela eta oraindik ez dela "intentsitate gorenera" iritsi. Horregatik, erne jarraitzeko eta "ezarritako neurriak zorrotz betetzeko" eskatu die herritarrei.

Nafarroa

Nafarroan, berriz, gaur goizaldean hil da koronabirusarekin zendutako laugarren pertsona. 88 urte zituen gizonezkoak, eta martxoaren 9an ospitaleratu zuten Tuterako Sofia Erregina ospitalean, Foru Gobernuak jakitera eman duenez. Gizonak beste gaitz bat zuen aurretik ere.

Atzo hil zen hirugarren pertsona koronabirusarekin Foru Erkidegoan. 88 urteko emakumea zen, astelehenean Iruñeko San Miguel klinikan ospitaleratua.

Aurretik hildako beste biak ere bi adineko emakume ziren, gaixotasun kronikoak zituztenak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Osasunbidea gaur