Gizartea -

Koronabirusa

Munduko Osasun Erakundeak mundu mailako saioa egingo du, sendabide onenaren bila

MOEko zuzendari nagusiaren ustez, herrialdeek “isolatu, probak egin, eriak artatu eta kontaktuak arakatu behar dituzte”.

Tedros Adhanom Ghebreyesus, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) zuzendari nagusia. Argazkia: Efe.
Tedros Adhanom Ghebreyesus, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) zuzendari nagusia
Tedros Adhanom Ghebreyesus, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) zuzendari nagusia. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundearen (MOE) zuzendari nagusiak iragarri du nazioarte mailako saio kliniko handi bat abiatu dutela koronabirusaren aurkako sendabiderik eraginkorrena zein den egiaztatzeko, gaixotasunak 8.000 pertsona hil eta 200.000 kutsatu dituen honetan.

Espainiak, Argentinak, Bahreinek, Kanadak, Frantziak, Iranek, Norvegiak, Hegoafrikak, Suitzak eta Thailandiak baieztatu dute dagoeneko “Solidarity” izena izango duen azterlan horretan parte hartuko dutela, Tedrosek aurreratu duenez, eta “askoz herrialde gehiago” batzea espero du.

"Txertoaren lehen probasaioa abian da, kronoabirusaren sekuentzia genetikoa zabaldu zenetik 60 egun besterik pasatu ez direla. Lorpen izugarria da. Gorazarre egin nahi diegu terapia esperimentalak sistematikoki ebaluatzeko batu diren mundu osoko ikertzaileei. Baina litekeena da metodo ezberdinei jarraituta egindako saio txiki askoren bidez ez lortzea bizitzak salbatuko dituzten tratamenduak lortzeko behar diren ziurtasun argi eta indartsuak”, esan du Tedrosek ikerlan hau beharrezkoa dela agerian uzteko.

Erakundearen zuzendariaren esanetan, urruntze sozialerako neurriak, kirol norgehiagokak, kontzertuak eta beste topagune handi batzuk bertan behera uztea, lagungarriak izan daitezke kutsatzeak murrizteko, osasun sistemaren karga arintzeko eta epidemiak eskuragarriagoak izateko, neurri berezi eta zuzenagoak hartzea ahalbidetzen baitu.

Dena dela, baieztatu du koronabirusa desagerrarazi eta kontrolatzeko, herrialdeen jardunbidearen “bizkarrezurra” izan behar dela “isolatzea, probak egitea, eriak artatzea eta kontaktuak arakatzea”. “Hala egin ezean, kutsatze kateek maila baxuan jarrai dezakete, gero, urruntze fisikoko neurriak kendutakoan, berriz agertzeko”.

Hego Korea, eredu

Puntu horretara iritsita, Hego Korea eredutzat jarri du: “Duela hilabete, kutsatze komunitarioaren bizkortzeari aurre egin zioten. Baina ez zuten etsi. Komunitateak hezi eta ahaldundu eta beraien konpromisoa lortu zuten. Probak egiteko estrategia berritzailea garatu, eta laborategien ahalmena handitu zuten. Maskaren erabilera murriztu zuten. Kontaktuak arakatu eta probak egin zituzten inguru jakinetan, eta kasu susmagarriak instalazio jakinetan isolatu zituzten, etxean edo ospitaletan egin ordez”. Neurri horren ondorioz, Tedrosek gogora ekarri duenez, hainbat aste daramatzate Hego Korean covid-19aren kasuak gutxiagotzen.

Azkenik, MOEren zuzendari nagusiak iragarri du covid-19aren kontrako Erantzun Solidarioko Funtsak 396,8 milioi euro bildu dituela dagoeneko, 173.000 pertsona eta elkarteren eskutik. Esker on berezia erakutsi dio FIFAri, 9,25 milioi euro eman baititu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia berriak Medikuntza albisteak Medizinak albisteak Txertoak COVID kasuak Munduko Osasun Erakundearen albisteak