Gizartea -

Koronabirusa

18 atxilotu eta 988 isun orain arte EAEn konfinamendua ez betetzeagatik

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak herritarren portaera "eredugarria" nabarmendu du, eta iragarri du polizia-kontrolak egiten jarraituko dutela.

Gasteizko kale bat, ia hutsik, alarma-egoeran. Argazkia: EFE.
Gasteizko kale bat, ia hutsik, alarma-egoeran
18 atxiloketa eta 988 isun EAEn, debekuak ez errespetatzeagatik

1:40

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta Udaltzaingoek 18 lagun atxilotu dituzte orain arte koronabirusaren epidemiak eragindako alarma-egoeragatik ezarritako neurriak betetzen direla bermatzeko egindako jarduketa espezifikoetan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ostegun honetan adierazi duenez; halaber, 988 isun ipini dituzte, gehienak 600 eurokoak.

Ostegun honetan lehendakariarekin eta Osasun sailburuarekin batera egindako agerraldian, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak nabarmendu du euskal herritar gehienek "portaera eredugarria" erakutsi dutela eta adierazi du kontrolak "eraginkorrak" izaten ari direla. Gauzak hala, ezarritako zigorrak "salbuespenak" dira. Nolanahi ere, polizia-kontrolak egiten jarraituko dutela iragarri du.

Ertzaintzak herritarrei gogorarazi dienez, alarma-egoerak ezarritako konfinamendua "ohiko bizilekuan" bete behar da, eta debekatuta dago "oporretarako bizilekura" joatea.

Beltran de Herediak zehaztu du herritarrak hartu behar diren neurriekin "konpromisoa" erakusten ari direla. Neurri horiek beharrezkoak dira birusaren hedapenari aurre egiteko: "Ertzaintza eta Udaltzaingoak koronabirusa ez hedatzeko ari dira lanean, bai eta herritarrei laguntza emateko ere. Neurriak ez badira betetzen, zigor horiek ezartzen ari dira", azaldu du.

Kontrolak egiten jarraituko dute

Testuinguru horretan, azaldu du kontrolak egiten jarraituko dutela, konfinamendu-neurriak edo osasun-agintariek zehaztutako beste neurri batzuk indarrean dauden bitartean.

"Orain arte, erabateko ardura ari dira erakusten herritarrak. Ez dut zalantzarik eta uste dut berdin jarraituko dugula", berretsi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Koronabirusa olatu berria Isunak gaur