Gizartea -

Koronabirusaren krisia

ELAk epaitegietara joko du "gaixo dauden langileak lanera joatera derrigortuz gero"

Lantegiak zabaltzeko langileen ordezkariei mehatxu egitea leporatzen die Tubacex eta Sidenor enpresei.

Mikel Noval ELAko ordezkaria, prentsaurreko batean. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Mikel Noval ELAko ordezkaria, prentsaurreko batean
Mikel Noval ELAko ordezkaria, prentsaurreko batean. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaurlaritza prebentzio-neurriak betetzen ez dituzten enpresak zabaltzera derrigortzen ari dela salatu du ELA sindikatuak. Halaber, gaixo dagoen langileren bat bere lanpostura itzultzera derrigortuz gero, egoera zigor-arloko justiziara eramango duela ohartarazi du.

Komunikatu batean, Lan Sailak Tubacex eta Sidenor enpresak zabaltzera derrigortu dituela salatu du ELAk. Erabaki hori ikuskaritzaren txostenik jaso gabe, langileen ordezkariei enpresen egoeraz galdetu gabe eta zentroak bisitatu gabe hartu duela azpimarratu du sindikatuak.

ELAren arabera, bi enpresa horietan zuzendaritzak langileen ordezkariak mehatxatu ditu ateak zabaltzeko. "Lan Sailak jarrera autoritarioa izan du eta enpresen irabaziak langileen osasunaren gainetik jarri ditu", azaldu du ELAk.

ELAk enpresa hauetan lan egiten jarraituko du langileak lanpostuetan kutsa ez daitezen, eta horrelakorik gertatuz gero izango diren ondorioez ohartarazi du: zigor-arloko justiziara joko du erabaki horiek hartu dituztenak salatzeko.

Euskal sindikatuak prebentzio-neurriak bete arte lantegiak ixteko eskatu die enpresei eta agintariei, eta erabakia langileen gain ez uzteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tubacex berriak Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa