Gizartea -
Gomendioak
Nola egin dezakegu koarentena garaian ohitura berri (eta onak) hartzeko?
Hiru dira arrakasta bermatzeko gakoak: ohitura bakar bat lantzea, besteen babesa lortzea eta egindakoagatik geure burua saritzea.
Agentziak | Erredakzioa
Burmuina ahalik eta gutxien lan egiten saiatzen da beti, eta horregatik prozesuak automatizatzeko joera dauka. Hori oinarritzat hartuta, milioika pertsonek bizi dugun koarentena garai oso egokia izan daiteke gure neuronek ohitura berriak eraikitzeko, errepikapena, errutina, babesa eta sariak konbinatuz.
Yoga praktikatzea, irakurtzea, fruta gosaltzea… erronka ugari eta anitz dauzkagu norberaren arabera, eta ohitura bakoitzak bere denbora behar du azkenean ahalegin handirik egin gabe geureganatu ahal izateko, edo, beste modu batean esanda, gure burmuinak ohitura horiek erregistratzeko.
Carlos Cortes eta Javier Martin adituak dira gai honetan. "Coach" modura lan egiten dute eta egunotan euren zerbitzuak doan ematen dizkiete pertsonei zein enpresei, koronabirusaren krisian ahal duten neurrian laguntzeko.
Carlos autonomoa da, pertsonen kudeaketan aditua, eta bizi dugun itxialdia ohitura berri bat gure burmuinean finkatzeko nola erabili azaltzen du.
"Auto bat gidatzea eta martxak aldatzea bezalakoa da. Hasieran, gidabaimena lortzen duzunean, denbora guztian arreta berezia ematen diozu martxak sartzeari. Ondoren, eta denborarekin, burmuinak neurona sinapsia sortzen du, hau da, autobide bat eraikitzen du, eta autobide hori hainbat aldiz erabiltzen duzunean, ibilbide horri arreta berezia emateari utzi diezaiokezu. Edo, beste modu batean esateko, autoan musika jar dezakezu gidatzen duzun bitartean".
Arrakastarako gakoak
Cortesek hiru gako aipatzen ditu gure helburua gauzatu ahal izateko: atentzioa ohitura bakar batean jartzea, besteen babesa lortzea eta geure burua saritzea.
Lehen pausoan, helburu errealista eta zehatza aukeratu behar da. Bigarren gakoa bermatzeko, gure ingurukoei asmo berriaren berri eman behar diegu, eta hirugarrenean sari egokiak aukeratu behar ditugu, gure burmuinak endorfinak sortzeko eta aurrerantzean ohitura berria praktikan jartzeko gogoa izateko.
Cortesek bere ahizpa adibide modura jartzen du: "Bere telesail gogokoenaren atal bat ikusten du ariketa fisikoa egiten ari den bitartean". Hala ere, argi uzten du normalena saria ohitura on hori praktikan jarri ostean hartzean dela, eta ez jarduera berria egiten ari garen bitartean.
"Finkapen bat" izatearen garrantzia
Javier Martin Grupo Persona enpresako CEOa da, eta egun doako "coaching" saioak ematen dizkie bezeroei, enpresei zein pertsonei. Martinek borondateak duen garrantzia azpimarratzen du, eta borondate hori pertsona bakoitzak ohitura berri horren onura, edo finkapen puntua”, ikustena sortzen da.
"Ariketa fisikoa egin nahi badut, nire osasunean eta egoera fisikoan izango duen eragin ona kontuan izango dut, edota bainujantzia erabili ahal izango dudala, edo galtzak ez zaizkidala sartzen eta beste batzuk erosi beharko ditudala".
Lorpenak aintzat hartu
Javierrek eta Carlosek ere beste elementu bat aipatzen dute: lorpenak aintzat hartzeko beharra. App baten bitartez egin daiteke, agenda fisikoa edo birtuala erabili, egutegia edo ordenagailuan gordetako dokumentu batean, baina lorpen guztiak apuntatzea komeni da.
Eta zer egin dezakegu ohitura txarrak alde batera uzteko? Tabakoa adibidez? Carlosek dioenez, ohitura horietan “ikasitakoa ahaztu” egin behar da. "Ahalegin handiagoa egitea eskatzen du, autobide berri bat eraikitzeko zaharra deuseztatzea eskatzen duelako, baina ohitura txar hori ahaztea errazagoa da aldi berean ohitura on bat ikasten badugu".