Gizartea -

KORONABULOAK

Jaurlaritzak ez dauka webgunerik etxetik ateratzeko baimena duten lekuak ezagutzeko

WhatsAppez zabaldutako mezu baten arabera, Eusko Jaurlaritzak plataforma bat jarri du martxan. Ustez, bertan kontsulta daiteke zer lekutan dagoen baimenduta konfinamendua utzi eta etxetik ateratzea.

Donostiako Askatasunaren hiribidea ia guztiz hutsik. Argazkia: EFE
Donostiako Askatasunaren hiribidea ia guztiz hutsik.
Donostiako Askatasunaren hiribidea ia guztiz hutsik. Argazkia: EFE

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemia dela-eta gure etxeetan sartuta egon behar dugun egun hauetan, asko zabaldu da WhatsApp bidez Eusko Jaurlaritzak abian jarritako webgune bati buruz hitz egiten duen mezu bat. Bertan aipatzen den webgunea Etxetik atera al naiteke? edota ¿Puedo salir de casa? deitzen da (mezuan gaztelaniaz agertzen da). Horren bidez, herritar bakoitzak, ustez, ikusi egin dezake ea bera bizi den tokian kalera ateratzeko aukerarik dagoen, alarma egoera indarrean egon arren.

Hainbat lagunek galdetu dute gai horri buruz 600 900 454 zenbakian, hots, EiTBk, koronabirusarekin lotutako buloak geldiarazteko asmoz, martxan jarritako partaidetza-ekimenaren telefonoan. Herritarrek buloak izan daitezkeen argazkiak, testuak eta bideoak bidal ditzakete bertara, mezu horien egiazkotasuna argitze aldera. Ekimen horretan, VOST Euskadirekin (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) eta Maldita.es webgunearekin lankidetzan ari da EiTB.

Aipatu testuak honela dio (jatorrizkoa, gaztelaniaz):

El Gobierno Vasco ha puesto en marcha una página web para ver si por tu zona puedes salir de casa. Consúltala en este enlace.

http://www.puedosalirdecasa.es

Kasu honetan, WhatsAppeko kontaktu talde batetik bestera ia automatikoki eta analisi kritikorik egin gabe salto egiten duen mezu baten aurrean gaude. Nahikoa da aipatutako webgunean sartzea kate itxura hartu duen bulo edo txantxa bat dela konturatzeko; izan ere, behin webgunearen helbidean sartuta, "Ez" dioen mezua bat agertuko zaigu galderaren erantzun gisa.

Mensaje que sale al acceder a la URL del mensaje

WhatsAppeko mezuan agertzen den URL helbidera sartuz gero azaltzen den erantzuna. Argazkia: EiTB

Horrelako kateen antzeko beste adibide batek esaten duenez, Espainiako Gobernuak diru kopuru bat emango die (100 euro edo 150 euro izan daitezke, jasotako mezuaren arabera) martxoaren 23tik aurrera etxean sartuta geratuko diren pertsonei. Maldito Bulo ekimena arduratu da dagoeneko baieztapen hori gezurtatzeaz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
WhatsApp Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa