Gizartea -

Trafikoa

Asteburuko joan-etorriak ekiditeko kontrolak egingo dituzte berriro

Ertzaintzak eta udaltzaingoek egingo dituzte. Konfinamendua ohiko bizitokian bete behar dela azpimarratu du Segurtasun sailak.

Bi ertzain, Donostiako irteera bateko kontrolean. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Bi ertzain, Donostiako irteera bateko kontrolean
Bi ertzain, Donostiako irteera bateko kontrolean. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta udaltzaingoek trafiko kontrolak egingo dituzte berriro ostiraletik igandera, errepideetan eta garraioetako geltokietan, EAEn bertan eta EAEtik kanpo dauden bigarren etxebizitzetara asteburuko joan-etorriak egitea ekiditeko. Joan-etorri horiek debekatuta daude koronabirusagatik bizi dugun alerta egoeran.

Konfinamendu neurriak ez betetzeagatik 600 eurorainoko zigorrak ezarri daitezke, Herritarren Segurtasunerako Legearen arabera, arau-hauste arinen kasuan, eta kopuru horretatik gora arau-hauste larrien kasuan, Segurtasun sailak aditzera emandakoaren arabera.

Prebentziorako kontrolen helburua, alarma egoeraren ondorioz  mugikortasunari eta jarduerei jarritako murrizketak errespetatzea da. Gaur egun, lan egiteko edo oinarrizko jarduerak egiteko bakarrik zirkulatu daiteke leku publikoetatik. Oporretarako edo aisialdirako irteerak debekatuta daude, eta konfinamendua ohiko bizitokian bete behar da.

Hori dela eta, Ertzaintzak eta udaltzaingoak kontrolak egingo dituzte murrizketa horiek betetzen direla ziurtatzeko. Kontrolak errepideetan zein garraio publikoetako geltokietan egingo dira.

Errepideak ixteko aukera

Halaber, eta alarma eta osasun publikoko larrialdiari jarraituta, Ertzaintzak errepideak edo errepideetako tarte batzuk ixtea erabaki dezakeela azpimarratu dute, osasun publikorekin, zirkulazioaren segurtasunarekin edo murrizketekin zerikusia duten arrazoiak argudiatuta.

Era berean, gidariei euren joan-etorriaren justifikazio "zehatza, argia eta egiaztagarria" eskatu diezaiekete.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Euskadin Ertzaintza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bidaia albisteak 2024 Koronabirusa