Gizartea -

KORONABIRUSA

34 hildako EAEn eta 12 Nafarroan, azken 24 orduetan

EAEn, 535 positibo gehiago izan dira. Guztira, 5.136 dira positiboak eta 241 hildakoak. Nafarroan, 188 positibo gehiago izan dira. 1.829 kasu positibo daude guztira eta 70 pertsona hil dira.

Nekane Murga Osasun kontseilaria, gaur.
Nekane Murga Osasun kontseilaria, gaur.
241 hildako EAEn, koronabirusaren krisia hasi zenetik

1:41

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemia dela eta, 5.136 positibo zenbatu dituzte EAEn azken 24 orduetan, asteartean baino 535 gehiago, eta 241 dira hildakoak jada, bezperan 34 hil ondoren.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera, bezperan baino 120 lagun gutxiago kutsatu dira, dena dela.

Koronabirusak kutsatutako 1.023 pertsona sendatu dira eta alta eman diete EAEko ospitaleetan larunbat honetara arte, Nekane Murga Osasun sailburuak emandako datuen arabera.

Egun, 5.136 kutsatuetatik 1.722 ospitaleratuta daude.

Lurraldeka, Araban 1.779 kasu positibo zenbatu dira (169 positibo berri), eta horietatik 345 ospitaleratuta daude. Bizkaian, 2.463 pertsona dira COVID-19arekin gaixo daudenak (277 positibo berri), eta horietatik 1.087 ospitaleratu dituzte. Gipuzkoan, 894 positibo izan dira (89 positibo berri), eta horietatik 290 ospitaleratuta daude.

Gainera, gaixotasuna detektatzeko 12.665 test egin dituzte, ostiralean 1.178 egin ostean.

Nafarroan 188 kutsatu gehiago eta 12 hildako gehiago

Nafarroan 188 positibo gehiago izan dira azken 24 orduotan eta jada 1.829 kasu dira, guztira. Hildakoak, berriz, 12 izan dira, eta krisia hasi zenetik 70.

Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, gora egin du Zainketa Berezien Unitatean dauden gaixoen kopuruak. Azken 24 orduetan 9 pertsona gehiago pasatu dira egoera honetara. Guztira, 84 dira.

Bestalde, 98 pertsona sendatu dira jada. Zehazki, 18ri eman zioten senda-agiria atzo.

Kutsatu kopuruari erreparatuz, Iruñea kenduta, Tafalla (91) eta Burlata (80) dira positibo gehien dituzten herriak. Iruñean, berriz, Arrotxapea (80) eta Iturrama (72) dira positibo gehien dituztenak eta Mendillorri (23) nahiz Milagrosa (30) gutxien dituztenak.

Espainian

Espainiako Osasun Ministerioak 72.248 koronabirus kasu positibo baieztatu ditu larunbat honetan, 8.189 kutsatu berri azken 24 orduetan, hau da,% 12,8 gehiago. Gainera, 5.690 hildako daude jada koronabirusagatik Espainian, atzo 832 pertsona hil ostean.

486 gaixo gehiago sartu zituzten atzo Zainketa Intentsiboen Unitatean, eta jada 4.575 pertsona daude egoera horretan (%9,84 gehiago). Hala ere, COVID-19tik sendatu diren pertsonak hildakoak baino bi aldiz gehiago dira: 12.285 (2.928 alta berri azken 24 orduetan).

Madrilgo Erkidegoak jarraitzen du okerren egoten. Atzo beste 345 pertsona hil ziren, eta epidemia hasi zenetik 2.757 dira hildakoak, Espainia osoan erregistratutakoen ia erdia.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea