Gizartea -
COVID-19
Ia 100.000 pertsona kutsatu ditu koronabirusak Italian
Positibo berriak (5.217) eta heriotzak (756) jaitsi egin dira hirugarren egunez, eta agintariek uste dute kutsatze-gailurrera iritsi direla edo gertu direla, behintzat.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Italiako Gobernuak iragarri duenez, 756 pertsona hil dira azken orduotan (889 bezperan). Hala, orotara, 10.779 dira jada Italian koronabirusarekin hildakoak. Kutsatu berriak, berriz, 5.217 izan dira. Guztira, 97.689 dira.
Igande honetako balantzetik Lonbardian izan den kasuen jaitsiera nabarmendu dute: 1.592 kasu berri, atzoko 2.117ekin alderatuta. Azken orduotan 416 pertsona hil dira, atzo 541 eta ostiralean 542.
"Tontorrean edo oso gertu gaude. Hirugarren egunez jarraian, zenbakiek antzera jarraitzen dute, jada ez dugu ikusten azken asteotan izan den gorakadarik" esan du Attilio Fontana Lonbardiako presidenteak. "Ez dut oso altu esan nahi baina oraintxe itxaropen pixka bat daukat".
10 egun erabakigarri
Pierpaolo Sileri Italiako Osasun ministrordeak adierazi du kutsatze kopurua nabarmen jaisten hasiko dela espero dutela 10 egun barru.
"Azken egunetan kasuak gora egin dutela ikusi dugu, baina proba gehiago egin ditugulako da" azaldu du BBCn egin dioten elkarrizketa batean. "Epidemiaren gailurrean gaude eta astebetean, 10 egunetara gehienez, kasuak nabarmen jaitsiko dira" adierazi du.
Bestalde, Italiako Barne Ministerioak jakitera eman duenez, 4.942 salaketa jarri dituzte konfinamendua urratzeagatik.