Gizartea -

ZALDIBARKO ZABORTEGIA

Zaldibarren lurperatutako langileen bilaketak "erritmo berari" eutsiko dio

Osasun ministroak eskutitz bat bidali du langileak bilatzeko lanekin jarraitu dezaketela baieztatzeko.

Bilaketa lanak martxan jarraitzen dute Zaldibarko zabortegian. Artxiboko irudia.
Bilaketa lanak martxan jarraitzen dute Zaldibarko zabortegian
Bilaketa lanak martxan jarraitzen dute Zaldibarko zabortegian. Artxiboko irudia.

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibarko zabortegian lurperatuta dauden bi langileak bilatzeko lanek aurrera jarraituko dute datozen egunetan, joan den asteko "erritmo berean", Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak adierazi duenez.

Hala, Espainiako Gobernuak asteburu honetan onartu duen errege-dekretua gorabehera, otsailaren 6an zabortegian lurperatutako bi langileak bilatzeko operazioak normaltasunez jarraituko du.

"Ez du inolaz ere eragingo bilaketa lanetan, Trantsizio Ekologikorako Ministerioarekin hitz egin ondoren. Murrizketak izan arren, datozen asteetan lanek aurreko astean zuten erritmo berean jarraitu ahal izatea espero dugu", gaineratu du Zuluetak.

Espainiako Osasun Ministerioak lanekin jarraituko dutela berretsi du

Salvador Illa Osasun ministroak eskutitz bat igorri dio Iñaki Arriola Ingurumen sailburuari, Zaldibarko zabortegian lurperatuta dauden langileak bilatzeko lanekin jarraitu dezaketela baieztatzeko. Era berean, Espainiako Gobernuaren "lankidetza" eskaini du "gertaera tragiko hau konpontzeko".

Pedro Sanchezen Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazteko asmoa zuela jakin ondoren, Arriola Trantsizio Ekologikorako ministroarekin, Teresa Riberarekin, jarri zen harremanetan, Zaldibarko zabortegian egiten ari diren lanak gogorarazteko eta operatibo mota horiek salbuesteko eskatzeko.

Gainera, Osasun ministroak Arriola sailburuari gutun bat bidali dio azken orduetan, eta bertan Bizkaiko udalerrian egiten ari diren bilaketa operatiboak aurrera jarrai dezakeela berretsi du, asteburuan onartutako errege-dekretutik kanpo geratu baitira.

Hala, ministroak adierazi duenez, lanek "moteldu edo murriztu gabe" eta esparru juridikoa aldatu gabe jarrai dezakete.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar Koronabirusa Harri-jausiak Durangaldea albisteak