Gizartea -
Lodosako ezbeharraren ondoren
Nafarroako Gobernuak esan duenez, entzierroak 'seguruak' dira
Udaletxeek segurtasun neurriak betetzen badituzte ere Lodosako tragedia ez dela gertatuko ziurtatzea ezinezkoa dela esan du. Aurrerantzean arkitekto batek ziurtatu beharko du hesiaren egokitasuna.
Erredakzioa
Nafarroan egiten diren entzierroak "seguruak" dira Foru Gobernuaren aburuz, baina,udaletxeek eskatutako segurtasun neurriak betetzen dituzten arren Lodosan gertatutako "tragedia" berriro ez dela gertatuko ezin dela ziurtatu adierazi du.
Joan den asteartean, Lodosan, entzierroko hesia apurtu eta ihes egin zuen zekor batek adarkatuta hil zen 74 urteko gizon bat.
Aurrerantzean udalek entzierroak egiteko hesiaren egokitasuna egiaztatzen duen arkitekto baten babesa igortzen ez badute ez dituzte zezenketak baimenduko, hala adierazi zuen atzo Foru Gobernuak. Inmaculada Jurio Barne Departamentuko zuzendariak horren inguruko xehetasunak eman ditu gaur.
Neurriaren ondorioz, Bera, Fitero, Barillas, Lizarra, Arguedas, Funes, Muruzabal eta Fustiñana herriek festetan zezenketak egiteko aurkeztu dituzten eskaerak geldiaraziko dira. Orain arte, baimendu egiten ziren hamar eguneko epean udal arkitekto baten ziurtagiria igortzen bazuten.
Zortzi udaletxe horiei, entzierroak ospatzen hasi baino lehen arkitektoaren txostena igor dezatela eskatu diete. Juriok adierazi duenez, udaletxeek "begi onez" hartu dute eskaera.
Berako Udalak, esaterako, dagoeneko aurkeztu du ziurtagiria, Lizarrak, berriz, nahiago izan du bihar arratsalderako aurreikusita zegoen entzierroa bertan behera utzi. Jurioren esanetan, horrek, udalak "neurriak zorrozteko" beharraz jabetzen direla erakusten du.