Gizartea -

Koronabirusa

Ministerioak bidalitako 43.600 test azkar jaso ditu Osakidetzak

Proba horiek % 64ko sentikortasuna dute koronabirusaren sintomak hasi berri dituzten pazienteetan, eta % 80tik gorakoa zazpi egun edo gehiago kutsatuta daramatzatenetan.

Osasun arloko profesional bat koronabirusa atzemateko proba egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Osasun arloko profesional bat koronabirusa atzemateko proba egiten.
Gobernu zentralak bidalitako 43.000 test azkar baino gehiago jaso ditu EAEk

0:54

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik koronabirusa atzemateko Espainiako Gobernuak emango dizkion 58.800 test azkarretako 43.600 jaso ditu dagoeneko, Osasun Ministerioak autonomia erkidegoen artean diagnostiko azkarreko milioi bat proba banatuko dituela iragarri ondoren, COVID-19 gaitzaren agerraldiari aurre egiteko asmoz. Nafarroak, berriz, 18.000 unitate izango ditu eskura.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak esan du pandemiari aurre egiteko erkidegoei beharrezko osasun materiala helarazteko konpromisoa betetzen ari direla: "Administrazio guztiak ari gara lankidetza eta elkarlan eredua ematen, krisi egoera honi aurre egiteko ezinbestekoa baita, eta bereziki Osakidetzako osasun arloko beharginen lana aitortu nahi dut, egunero profesionaltasunaren eredu direlako".

Koronabirusa atzemateko test azkarrek % 64ko sentikortasuna dute gaitzaren sintomak hasi berri dituzten pazienteetan, eta % 80tik gorakoa zazpi egun edo gehiago kutsatuta daramatzatenetan. Ohar batean, Osasun Ministerioak adierazi du hori dela Carlos III.a Osasun Institutuak egiaztatutako proben fidagarritasuna.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak autonomia erkidegoetako presidenteekin atzo egindako batzarrean jakinarazi zien milioi bat test azkar banatuko dituztela sintomarik gabeko gaixoak atzeman eta berrogeialdian jartzeko. Horretarako, egokiak liratekeen azpiegituren zerrenda egitea eskatu zien.

Odol bidezko test azkarrak PCR proben osagarri dira, eta ospitaleetara zein talde ahuletara zuzenduko dira, hala nola zahar-etxeetara, Salvador Illak zuzentzen duen ministerioak nabarmendu duenez.

Test horietan positibo ematen duten pazienteak baieztatutako kasuak izango dira aurrerantzean, eta negatibo ematen badute, PCR proba egin beharko dute.

Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Madril da test gehien jasoko dituen erkidegoa (206.400), eta Katalunia (180.000) eta Andaluzia (130.800) daude zerrenda horretan hurrengo postuetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa