Gizartea -
Pandemia
GUFEko sindikatuek testak eskatu dituzte langileentzat eta erabiltzaileentzat
Bizkaiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak NBE egokiak eta kutsatzeak saihesteko babes neurri eraginkorrak ere eskatu dituzte.
agentziak | erredakzioa
Bizkaiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) COVID-19a atzemateko probak eskatu ditu sintomak dituzten langile eta erabiltzaile guztientzat kutsatzeak saihesteko, eta baliabide gehiago "ia erabiltzaile guztiek positibo" eman duten erresidentzietan.
LABek prentsa-ohar batean azaldu duenez, GUFEko langileak "dena ematen ari dira, pandemiak ahalik eta erabiltzaile gutxien kutsa dezan, baina lana modu egokienean eta segurtasun handiagoz egiteko, ezinbestekoa da langileei NBE egokiak eta babes neurri eraginkorrak ematea".
Langileek "homologatu gabeko materialarekin lan egin behar izan dute, langileek uerek lortutakoak batzuetan, isolamendu kasuetarako protokolo argirik gabe, eta antolakuntza arazo larriekin".
Bestalde, sindikatuak azaldu duenez, koronabirusarekin kutsatutako "profesionalei eta erabiltzaileei buruzko kasuen informazio eguneraturik gabe" egonik, eta sintomak dituzten pertsonei testa beranduegi egiten dietenez, zentroen eta langileen segurtasun eza handitzen da.
Hori horrela, enpresa batzordeak "homologatutako NBEak" eskatu ditu langile guztientzat, eta "beharrezko giza-baliabideak zentroetan, garbiketa eta osasun zerbitzuak indartzeko, zerbitzuak osasun baldintza onetan eskaintzeko".
Gainera, "premiazko neurriak" eskatu dituzte Birjinetxeko, Zubieteko eta Errekaldeko zentroetan, "ia erabiltzaile guztiek positibo" eman dutelako.
"Onartezina da langileek plastiko poltsekin egindako mantalak erabiltzea" eta "maskarak 10 egunez berrerabiltzea", salatu du batzordeak.