Gizartea -

pandemia

Nafarroan test azkarrak erabiltzen hasi dira larrialdi zerbitzuetan

Tresna horri esker, "15 minutuan egin ahal izango da kasu positiboen diagnosi azkarra".

Koronabirusaren proba. Argazkia: Efe
Koronabirusaren proba. Argazkia: Efe
Koronabirusaren proba. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi du gaurtik aurrera koronabirusaren test azkarrak erabiltzen hasiko direla lurralde osoko osasun zentro guztietan, eta horrela "15 minutuan" egin ahal izango dutela "kasu positiboen diagnosi azkarra".

Indurainek koronabirusari buruzko prentsaurrekoan jakinarazi duenez, uneotan "fase garrantzitsu batean gaude, eta kasuak garaiz atzemateaz gain, gizartearen immunizazioa aztertzen hastea hasi behar gara pentsatzen".

Gaineratu duenez, horretarako "baliabide berriak ditugu, test azkarrak besteak beste, baina estrategia zabal eta mailakatu baten baitan erabili behar dira, logistika eta eraginkortasuna kontuan izanda".

Dena den, Nafarroan PCR probak egiten jarraituko dutela adierazi du, "diagnosi fidagarriena delako hasierako fasean". "Diagnosi teknika nagusia da, infekzioaren lehenengo fasean birusa atzemateko fidagarritasun handia duelako", azpimarratu du.

Horren harira, egunero 400-500 PCR proba egiten ari direla, baina gaur bertan 561 egin dituztela jakinarazi du.

Kontseilariak azaldu duenez, PCR sistema "indartzeko", test azkarrekin "osatuko" dituzte. Test horiek "% 80ko fidagarritasuna dute gaitza gutxienez 7 egunez izan dutenen kasuetan, eta % 64koa sintomekin hasi direnetan".

Horregatik, "test azkarrak Nafarroako osasun zentro guztietako larrialdi zerbitzuetan erabiltzen hasiko dira gaurtik aurrera", Indurainen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa Osasunbidea gaur