Gizartea -

Transporte

Lanera itzultzeko egokituko dute garraio publikoa Aste Santuaren ostean

% 40 eta 60 arteko murrizketak izango dituen zerbitzua eskainiko dute datorren asteartetik aurrera, apirilaren 14tik aurrera.

Tren geltoki bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Garraio publikoa
Tren geltoki bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko garraio publikoaren operadoreek eskaintza berregokituko dute datorren asteartetik aurrera, apirilaren 14tik aurrera, Aste Santuaren osteko lehen lanaldian. % 40 eta 60 arteko murrizketak izango dituen zerbitzua eskainiko dute, baina beharrezkoa izanez gero, % 100 bermatuko dute puntako orduetan.

Hala erabaki du Euskadiko Garraio Agintaritzak. Izan ere, koronabirusaren krisia kudeatzeko lan-mahaiak martxoaren 29an Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketak amaitu ostean sortu den egoera berria aztertu du, funtsezkoa ez den jarduera oro geldiaraztera behartu zutenak, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.

Garraio Ministerioari "kexa" bat helaraztea ere erabaki du Euskadiko Garraio Agintaritzak, "maskarak eta babes ekipoak banatzeko garraio operadore publikoekin duen konpromisoa bete dezala eskatzeko".

Garraio publikoaren berregokitzeari dagokionez, Aste Santuko jaiegunekin bat egiteak egoera berriaren ondorioak arinduko dituela uste du Euskadiko Garraio Agintaritzak, eta, nolanahi ere, Jaurlaritzaren dekretuaren "aurreko agertokia berreskuratzera behartuko" duela.

Laneratzea "pixkanakakoa izatea espero da", baina EAEn datorren asteartean, hilak 14, izango da lehen lanaldia.

Hori dela eta, garraio publikoaren eskaintza % 40 eta 60 artean berrezartzea erabaki dute lanaldietarako, funtsezkoak ez diren sektoreen geldialdiaren aurretik bezala, azken egunetan eskaintzen ari den asteburuko eskaintzaren aldean.

"Operadore bakoitzak eskubidea du bere eskaintza benetako eskarira eta beharretara egokitzeko. Beharrezkoa bada, puntako orduetan zerbitzuaren % 100 bermatu dezake, bidaiari gehiago egon baitaitezke", gaineratu du Garraio Agintaritzak.

Nabarmendu duenez, operadore publikoek "osasun-agintariek ezarritako kontrol eta prebentzio neurri guztien alde egiten jarraituko dute, edukiera murriztuko dela bermatuz eta agintariek ezarritako erabiltzaileen arteko urruntzea betez".

Espainiako Garraio Ministerioak duela hiru aste EAEko administrazioen titulartasuneko garraio publikoko operadoreei maskarak emateko konpromisoa hartu zuen, eta horrek eragin duen "kezka" azaldu du Agintaritzak.

Ministerioari bere konpromisoa "premiaz" betetzeko eskatu dio, profesionalei beharrezko babes ekipoak emateko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aste Santua Garraio publikoa Koronabirusa